ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / NurPhoto/Getty
2024/01/23 12:09

"Agur erromatarra" deituriko keinu faxista (eskuineko besoa altxatzea, eskua zuzen jarrita eta esku-azpia behera begira izanda) baimendu du Italiako Kasazio Auzitegiak (Espainiako Auzitegi Gorenaren parekidea izango litzatekeena), aurreko ostegunean argitaratutako ebazpen batean. Auzitegiak esan du agur faxista egitea ez dela delitu bat, ez badakar Italiako Alderdi Faxista berrantolatzeko "arrisku konkreturik". Alderdi hori, teorian, debekatuta dago Italiako Konstituzioan.

Agur faxista ez dago Zigor Kodean tipifikatutako delitu gisa jasota, eta, beraz, auzitegien esku geratu izan da gertakaria eta testuingurua kasuan kasu epaitzea. Horixe egin du berriki, hain zuzen ere, Kasazio Auzitegiak. Hainbat faxista epaitu eta zigortu zituzten Italian, 2016an, agur faxista egiteagatik. Orain, ebazpen hori aztertu du auzitegiak, eta ondorioztatu du ez dela delitu bat "agur erromatarra" erabiltzea. Jurisprudentzia sortzen du epai horrek, eta pozez hartu dute berria askotariko adierazpen faxistek.

2016ko gertakariei buruzko sententziari dagokionez, Kasazio Auzitegiaren ebazpena dela-eta, errepikatu egin beharko dute zortzi faxistari egindako epaiketa. Izan ere, Milanen egindako ekitaldi faxista batean hartu zuten parte, eta 1993ko legeria kontuan hartuta zigortu zituzten, agur faxista egiteagatik. Urte horretako legeek diote, "baldintza jakin batzuetan", delitu bat izan daitekeela hori. Kasazio Auzitegiak, ordea, legeria zaharrago bati heldu dio epai hori atzera botatzeko: 1952ko lege bati erreferentzia eginda baztertu du agur faxista delitutzat jotzea, Alderdi Faxista birsortzeko arriskurik ez bada.

Elkarretaratze faxista bat Erroman, hilaren hasieran

Gaurkotasun handikoa da auzia Italian, urtarrilaren hasieran kontzentrazio faxista bat izan baitzen Erroman: Italiako Mugimendu Sozialeko (MSI, italieraz) hiru faxista erail zituzten 1978an, eta, urteurrenaren harira, omendu egin zituzten hiriburuan. Ekitaldi horretan, modu masiboan egin zuten "agur erromatarra" hainbat eta hainbat faxistak, eta sona handia izan dute irudiek.

NO HAY COMENTARIOS