ACTUALIDAD / Represión

Aburto: "Kaleko saltzaileak erakunde kriminal baten parte dira"

Manteroen aurkako jazarpen poliziala justifikatu du Bilboko alkate jeltzaleak. Uda honetan ere, kaleko saltzaileen aurka oldartzen ari da udaltzaingoa.
2026eko abuztuaren 28 - 08:24
Aburto: "Kaleko saltzaileak erakunde kriminal baten parte dira"
— ARGAZKIA EAJ

Joan den abuztuaren 10ean, kaleko saltzaile baten aurka gogor oldartu ziren udaltzainak Bilboko Alde Zaharrean, sare sozialetan zabaldutako bideo batean ikus zitekeenez: irudietan, hiru polizia-agente agertzen ziren, saltzailea lurraren kontra zeukatela eta bera azpian hartu nahian. Eraso poliziala salatzeko, protesta bat egin zuten hilaren 13an Mbolo Moye Doole eta Manteroekin Bat kolektiboek. Aste Nagusian ere ugariak izan ohi dira manteroen aurkako erasoak Poliziaren aldetik, eta testuinguru horretan, jazarpen poliziala justifikatzen saiatu da Juan Mari Aburto (EAJ) alkatea.

Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, jeltzaleak adierazi du kaleko saltzaileak "erakunde kriminal baten parte" direla, eta horrela arrazoitu nahi izan du Poliziak manteroen aurka hain modu biolentoan jardutea. 

Kaleko saltzaileen eskubideen alde aritzen diren kolektiboek urte osoan zehar salatzen dute sektoreak jasaten duen jazarpena, eta, azken urteetan, interbentzio polizial bortitz askoren irudiak atera dira argitara, Bilboko Kale Nagusian gertatutakoak kasu. Aste Nagusian bertan ere, hainbatetan salatu dituzte eraso polizialak: iaz, kaleko saltzaileekin elkartasunez mobilizatu ziren Bilboko Konpartsak, eta aurten ere jarrera berdina izan dute. Konpartsek, hain zuzen, atzo arratsaldean egin zuten agerraldi bat, arrazakeria instituzionala salatuz.