Madrilgo Zigor Arloko 31. zenbakiko Epaitegiak absolbitu egin ditu Euskadi-Cuba Gobernuz Kanpoko Erakundea eta José Manzaneda, Cubainformación hedabideko kazetaria eta koordinatzailea. Aurreko ostegunean egin zieten epaiketa Euskadi-Cubako legezko ordezkaritzari eta Manzanedari, "kalumniak eta irainak" eta "gorrotoa sustatzea" leporatuta.
Prisoners Defenders elkarte antikastristak egin zituen akusazio horiek, Cubainformación-ek 2020an argitaratutako artikulu baten harira. Manzanedak, hain zuzen ere, Amerikako Estatu Batuek Kubaren aurka indarrean daukaten blokeo ekonomikoa izan zuen hizpide idatzi horretan: Crear una crisis sanitaria en Cuba: objetivo de la guerra contra su cooperación médica.
Akusazio partikularrak zigor eskaera altuak egin zituen Manzanedaren eta Euskadi-Cubaren legezko ordezkaritzaren aurka: zazpi urteko espetxe-zigorra eta 70.000 euro inguruko kalte-ordainak eta isunak. Dena den, epaileak ez ditu erruduntzat jo, eta ez ditu zigor eskaera horiek onartu.
Prisoners Defenderseko presidente Javier Larrondori egiten zaio erreferentzia seinalatutako artikuluan. Epaitegiak esan du, ordea, idatzi horretan Larrondori "gerrako kriminal" deitzean, Manzanedak ez duela "adiera literalean" esaten: zentzu metaforikoan uler daitekeela uste du epaileak. Horregatik egin du absoluzioaren alde.