Protestak eta istiluak are gehiago gogortzen ari dira Frantziako Estatuan, joan den asteartean poliziak Naël izeneko 17 urteko gaztea tiroz hil zuenetik. Barne Ministerioaren arabera, 875 lagun atxilotu dituzte jada, matxinada orokortua bihurtzen ari den protesta-olatuaren erdian. 500 eraikin publiko eta 1.900 auto baino gehiago kiskaliak izan dira, eta "249 polizia-agente zein jendarme zauritu" zenbatzen dituzte iturri ofizialek.
Denda zein saltoki ugaritara sartu eta materiala eraman dute, polizia-etxeen kontrako ekintzak egin dituzte eta bertako materiala eraman dute, eta garraio publikoko ibilgailu ugari suak jan ditu. Fresnesen manifestari talde batek espetxe bati eraso dio, bertan preso zirenak askatzeko asmoz.
Gaztea hil zuten Nanterren (Paris) ez ezik, estatu osoko hirietan altxatu da jendea, gazteriaren protagonismo nabarmenarekin. Gauzak horrela, Emmanuel Macronen gobernuak 40.000 polizia inguru atera ditu kalera oraingoz: istiluen aurkako unitatea, unitate antiterrorista, informazio brigada zein eliteko unitatea.
2005eko oihartzunak
Altxamenduak 2005ekoa gainditu duela ziurtatu du Barne Ministerioak. Orduan, polizia-indarrek bi nerabe erail zituzten, eta hiriburuetako periferietako auzoetan gazteak kalera irten ziren. Une gorenean, 1.408 auto erretzera iritsi zirela kalkulatzen dute, eta Frantziako Estatuko memoria kolektiboan gordeta geratu da: Nicolas Zarkozyren gobernua armada kalera ateratzeko urrats batera egon zen.