Iragan ekainean, Red Bull Cliff Diving izeneko txapelketa izan zen Bilbon (Bizkaia). Jauzilari profesionalak bertaratu ziren Guggenheim ingurura, plataforma batetik ibaira jauzi egin eta lehiatzera. Auzoetatik Piztu Bilbo mugimenduaren eskutik, ekimenaren aurkako salaketa-ekintza egin zuten hainbat kidek, txapelketarako jarritako plataformaren parean. Pankarta handi bat eskegi zuten, hala. Lehiaketa horren moduko "makro-ekitaldiak" eta "hiri eredu neoliberala" agerian uztea zuten xede, "gutxi batzuen aberastasunak askoren miseria dakarrela" nabarmenduz.
Protestaren harira, 6.600 euroko isuna ezarri diete hamaika pertsonari, desordena publikoa egotzita, eta Mozal Legea aplikatuta. Piztu Bilbok helegitea aurkeztu du, baina. Hala, joan den asteazkenean, auziaren inguruko ebazpena erdiesten ari ziren bitartean, elkarretaratzera deitu zuen Bilboko epaitegien aurrean, isunen "zilegitasuna epaitzeko". Mozal legerik ez! Auzoetatik Piztu Bilbo, itzali eskaparate hiria izan zuten lema.
Errepresioa jasan arren, isilik geratuko ez direla jakinarazi dute, eta "hiri eredu ustelaren aurrean", "desobedientziarekin jarraitzera" dei egin dute.
Kapitalaren eta burgesiaren metropoliaren aurkako kanpaina
Piztu Bilbok apirilean jarri zuen martxan "Kapitalaren eta burgesiaren metropoliaren aurkako kanpaina". "Burgesiaren estrategiaren ardatz diren hiru prozesuak"; hau da, "turistifikazioa, gentrifikazioa eta espazio publikoaren merkantilizazioa", "antagonismo eremu" bihurtzea izan zuten helburu.