Mende erdia igaro da 1976ko irailaren 8an, Hondarribiko (Gipuzkoa) Alardearen egunean, Guardia Zibilak Josu Zabala Erasun gazte irundarra hil zuenetik Hondarribiko San Pedro kalearen ingurumarian. Zabalak bi aldarrikapen nagusi zituen manifestazio batean parte hartu zuen, beste dozenaka lagunekin batera: batetik, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur militantearen bahiketa salatzea; eta, bestetik, diktadura frankistaren garaian zehar espetxeratutako preso politikoentzat amnistia aldarrikatzea. Guardia Zibilak, manifestazioa gomazko pilotaz, gas negar-eragilez zein tiroz desegiten ahalegindu zenean, Zabala jo eta hil egin zuen. Armadun Poliziak ere, egun hartan, istiluak sortu zituen. Kondena ezarri zioten Zabala tiroz hil zuen poliziari, baina 1977an amnistia jaso zuen. Ez zuten inoiz espetxeratu.
Joan den larunbatean, hilaren 5ean, Egiari Zor fundazioak eta Hondarribiko Udalak omenaldi bidez gogoratu zuten Zabala. Bertan irakurritako komunikatuan, duela hilabete inguru Espainiako Gobernuak Zabalari "errekonozimendu eta ordain pertsonala onartu" izana nabarmendu zuten. Dena dela, azpimarra egin zuten Estatuak gaur egun garai hartako bortizkeriagatik barkamena eskatzen aritzeak agerian uzten duela "orain arte Estatuko erakundeen axolagabekeria baino ez dutela jaso biktimek".
Bestalde, sareetan elkarbanatutako bideo baten bidez, egun hartako gertakariak gogoratu, eta gaztea zein haren borrokarako grina omendu ditu Bidasoko Kontseilu Sozialistak. Trantsizioaren testuinguruan, garrantzitsua eta mobilizazioz beterikoa izan zen 1976. urtea: Francisco Franco diktadorea hilabete gutxi batzuk lehenago hil zen, gaur egungo errejimenaren lege nagusiak ez zeuden sortuta, askatasun eta eskubide politikoen aldeko zein errejimenarekiko hausturaren aldeko aldarriek kaleak hartu zituzten, lan-gatazkak piztu ziren nonahi… Euskal Herrian ere, ikurrina ilegala zen oraindik, eta gogor erreprimitzen zuen Estatuak aldarrikapen politiko oro. Horregatik guztiagatik, eskualdeko kideek Josu Zabala. 1976-2026. Memoria borrokan eraiki ageri duen panela jarri zuten Hondarribiko Jaizkibel Hiribidea eta Harresilanda kalea elkartzen dituen biribilgunean.