ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / GEDAR
2022/10/10 11:00

Guardia Zibileko eta Espainiako Poliziako agenteen soldatak %38 igoko dira batez beste, Espainiako Barne Ministerioaren arabera. Izan ere, batera aplikatuko zaizkie 2023ko Aurrekontu Orokorrek jasotzen duten langile publikoen soldata-igoera eta Soldatak Parekatzeko Akordioa. Zehazki, 2024ra bitartean, %9,5eko igoera bat jasotzen dute Aurrekontu Orokorrek, eta horri gehitu behar zaio Soldatak Parekatzeko Akordioak dakarren batez besteko %26ko igoera. Azken igoera hori ahalbidetzeko, 807 milioi euroko inbertsio bat egin zuen gobernuak 2018tik 2020ra bitartean.

2023an, gainera, maximo historikoa hautsiko du agenteen kopuruak: guztira, 154.500 polizia-agente izango dira Guardia Zibilean eta Espainiako Polizian. Modu horretan, eta "inbertsio errekor" bat eginez, "berreskuratuko" dituzte 2011tik 2018ra bitartean "galdu" ziren 13.000 agenteak.

"Inbertsio errekor" horrek, hain zuzen, zortzi milioi euroko gorakada bat dakar. 2022an polizia-indarretara bideratutako aurrekontuari erreparatuz gero, %6,5ko igoera bat izango da 2023an: polizia-indarrei zuzendutako 491,5 milioi euroko partida bat barne hartzen dute Aurrekontu Orokorrek.

Orokorrean, 2022ko Aurrekontu Orokorrekin alderatuta, %12 igoko da Barne Ministerioari emango zaion zenbatekoa: 10.501,54 milioi euro izango dira 2023an. Ondasun eta zerbitzuetan egingo den inbertsioa 2022an baino %30,4 handiagoa izango da, 401,01 milioi eurokoa, eta horren barruan, 71,06 milioi euro erabiliko dira "Barne Ministerioaren gaitasun operatiboak indartzeko". Igoeraren parte diren gainontzeko 330 milioi euroak 2023ko hauteskunde-prozesuak ordaintzeko erabiliko dira.

Kontu publikoetan, bestalde, polizien formakuntzan sakontzeko baliabide gehiago sortzea ere aurreikusten da. Espainiako Poliziaren Formakuntzarako Unibertsitate Zentroa eratu nahi dute Avilan, eta Barne Ministerioak azaldu duenez, Espetxe Ikasketen Zentroarekin batera, "prestakuntza-bikaintasunaren, erakundeen deskontzentrazioaren eta lurralde-kohesioaren aldeko apustu irmo bat" izango da.

NO HAY COMENTARIOS