ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Greenpeace
2024/12/17 00:38

Iruñeko (Nafarroa) Zigor Arloko 1. zenbakidun Epaitegiak kargugabetu egin ditu Greenpeaceko zortzi kide egoitza baten bortxatze-delitutik, baina kondenatu egin ditu kalteak eragitea leporatuta. Zigor ekonomiko erraldoiak ezarri dizkie horregatik, 28.880 eurokoak guztira: 3.360 euroko isunak jarri dizkie epaileak auzipetu bakoitzari, eta beste 1.208 euro ordain ditzatela ere exijitu die, hesi bat hausteagatik.

Urriaren bukaeran epaitu zituzten Greenpeaceko militanteak, 2021eko martxoan, Valle de Odieta enpresak Caparroson (Nafarroa) daukan makroetxaldean protesta-ekimen bat egiteagatik. Hilabete lehenago ikusi zuen Greenpeacek baserri horretan egiten ziren "minden legez kanpoko isuri masibo errepikatuek eragindako ingurumen-inpaktua", isuri horiek erreketara eta akuiferoetara heldu baitziren. Horregatik egin zuten protesta: enpresak kutsatutako 1.000 litro ur isuri zituzten Caparrosoko instalazioetan.

"Beste behin ere, Justiziak arrazoia eman digu ingurumena defendatzen dugunoi: ez ditu aktibistak kartzelara kondenatzen Valle de Odietak Caparroson duen makrobaserriaren aurka agertzeagatik, baina isun handi bat ezarri die instalazioetan ustez eragindako kalteengatik", salatu du Lorea Flores auzipetuak. Gaineratu du "gu ikaratzeko eta gure protesta isilarazteko beste ahalegin bat" izan dela prozesu judiziala.

Valle de Odietaren aurkako 11 zehapen-espediente ireki ditu Nafarroako Gobernuak azken urteotan, baimenik gabe abelburu gehiago esplotatzeko pabilioi berriak irekitzeagatik, abere kopurua handitzeagatik edo ingurugiroa kutsatzeagatik.

Tafallako Epaitegiak ebatzi zuen "ingurumen-delituak" egon daitezkeela Caparrosoko makroetxaldean, baina badirudi oraindik ez duela zehaztu noiz izango den horri buruzko epaiketa. "Justiziak azkarrago epaitu ditu natura eta ingurumena defendatzen ditugun pertsonak, natura suntsitzen dutenak baino", seinalatu du Greenpeaceko Luis Ferreirimek.

NO HAY COMENTARIOS