ACTUALIDAD / Represión

24 orduren ostean, isilik jarraitzen du Santurtziko Udalak

Atzo argitaratu zen udaltzainek Ander nola hil zuten erakusten duen bideoa, baina alkatetzatik ez dute adierazpenik egin nahi izan. Ekainaren 22ko interbentzio poliziala gertatu eta berehala, udaltzaingoari babesa eman zion udalak.
2026eko irailaren 16 - 10:50
24 orduren ostean, isilik jarraitzen du Santurtziko Udalak

24 ordu luze igaro dira Justizia Anderrentzat herri-plataformak bideo ikaragarri bat argitaratu zuenetik, baina isiltasunak erabatekoa izaten jarraitzen du Santurtziko Udalaren (EAJ) aldetik: ez du irudiek agerian utzi dutenari buruzko adierazpen publikorik egin.

Itziar Carrocera jeltzalea buru duen udal-gobernuaren jarrera oso bestelakoa izan zen ekainaren 22ko gertakarien ondoren, berehala adierazi baitzien babesa Ander jipoitu zuten udaltzainei. "Poliziaren bertsioa zalantzan jarri beharrean, udaltzainei baldintzarik gabeko babesa eman zien, gertakariak zuritzeko eta Ander kriminalizatzeko helburuarekin", salatu zuen Justizia Anderrentzat plataformak joan den uztailean.

Atzo plazaratutako bideoa argigarria da, udaltzaingoak Anderren kontra nola jardun zuen erakusten baitu, modu gordinean. Sei udaltzainek hartu zuten azpian gaztea, lurraren kontra ipiniz: ostikadak eta deskarga elektrikoak eman zizkioten, besteak beste. Horren guztiaren ondorioz sartu zen koman Ander, eta bi egunera hil zen ospitalean.

Osasun-zerbitzuek esku hartu behar izan zutenean, informazioa ezkutatu zuen udaltzaingoak, Justizia Anderrentzat kolektibotik salatu dutenez: ez zuen jakinarazi zaurituaren aurkako operazio polizial bat izan zenik, ez eta deskarga elektrikoak eman zizkiotenik ere. Plataformak "polizia-sindikatuen bertsioa, zenbait hedabideren interpretazio interesatua eta udalaren bertsio konplizea gezurtatu" nahi izan ditu bideoaren bidez, eta ikusteke daude hurrengo pausoak.