2004ko martxoaren 13an, Angel Berrueta erail zuten Espainiako Poliziako agente batek eta bere semeak Donibanen (Iruñerria, Nafarroa). Valeriano de la Peña eta Miguel de la Peña izan ziren hiltzaileak. Erailketa izugarri horren 22. urteurrenean, ohi bezala, Berrueta oroitu zuten auzoan hainbat eta hainbat lagunek, aurresku erraldoi bat dantzatuz besteak beste. Bere senideek urte luzez aldarrikatu dute motibazio politikoko hilketa bat izan zela.
Angelek okindegi bat zuen Martin Azpilikueta kalean, eta liskar bat izan zuen bertan Maria Pilar Rubio izeneko andre batekin; de la Peña aita-semeen emazte eta amarekin, hain zuzen ere. Rubiok kartel bat jarri nahi zuen okindegian, ETAri leporatzen ziona Martxoaren 11n Madrilen izandako sarraskia. Atentatua gertatu eta hurrengo egunetan, gerora gezurtatutako kontakizun faltsu hori bultzatu eta zabaldu zuen Espainiako Gobernuak. PP zegoen agintean.
Rubioren exijentziari uko egin zion Angelek, eta senarrari eta semeari gertatutakoaren berri eman zien orduan Maria Pilarrek. Okindegira sartu eta Berrueta erail zuten de la Peña aita-semeek, tiroz eta labankadaz.
2024. urtera arte, Nafarroako Gobernuak ez zuen Angel biolentzia polizialaren biktima gisa aitortu. Dena den, urtero gogoratu dute ehunka bizilagunek Donibanen, Kontxi Sanchizekin batera. Hernanin (Gipuzkoa) hil zen hura, Berruetaren erailketa salatzeko mobilizazio batean; bihotzekoa jasan zuen Ertzaintzak bortizki kargatu zuenean.
Epaiketa 2005ean
2005eko ekainean egin zieten epaiketa de la Peña aita-semeei eta Rubiori, eta zinpeko epaimahai batek ebatzi zuen arrazoi ideologikoek larriagotutako hilketa bat izan zela. Horiek horrela, hogei urteko espetxe-zigorra ezarri zioten Valeriano de la Peñari, hamabost urtekoa Miguel de la Peñari eta hamar urtekoa Maria Pilar Rubiori. Azken hori, baina, absolbitu egin zuten berehala, Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak lehenengo eta Espainiako Auzitegi Gorenak gero.
Hiltzaileak, gainera, 2010ean hasi ziren espetxe-onurak izaten. Migueli 2014an eman zioten baldintzapeko askatasuna, eta Valerianoz badirudi ez dela berririk izan publikoki. Hala ere, elDiario.es-en arabera, polizia-postua mantendu zuen 2008ra arte.