Iruñeko Udalak jakinarazi duenez, bide administratibo baten bidez, 12.000 euroko isun bana ezarri nahi die hamar pertsonari, San Fermin eguneko prozesioan izan ziren istiluen harira. Izan ere, uztailaren 7an, ohi bezala, protestak izan ziren jaietako prozesioan; besteak beste, udal ordezkariak ari ziren Iruñeko kaleak zeharkatzen, polizien babesean. Protestan ari zirenen eta polizien arteko istiluak izan ziren Curia kalean, eta horren harira, zortzi pertsona atxilotu zituzten, Iruñeko Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak elkarrekin egindako polizia-operazio baten bidez; horietako bat, gainera, espetxeratu egin zuten.
Iruñeko Curia kalean "herritarren segurtasuna arriskuan jartzea", "prozesioan parte hartzen ari ziren hainbat jazartzea", "edaria botatzea" nahiz "tentsio eta indarkeria uneak sortzea" egozten diete orain hamar pertsonari. Gertatutakoa "arau-hauste larritzat" jo du Iruñeko Udalak, eta isun erraldoi horiek eskatu ditu auzipetuentzat.
Gainera, irekita dago bide judiziala ere, eta epaitegietara helduko da Curia kalean gertatutakoa. Akusazio partikular modura hartuko du parte auzian Iruñeko Udalak, "kaltetua" izan zelakoan.
Ahotsa.info hedabideak zabaldu zuen bideo batean argi ikusten da polizia-agenteetako bat izan zela gerora espetxeratu zuten pertsona kolpatzen lehenengoa, eta ez alderantziz.