Mobilizazio-eguna da gaurkoan Frantziako Estatu osoan, gobernuaren eta murrizketa sozialen kontra. Ipar Euskal Herrian ere goizean goiz hasi dira blokatze-ekintzak: Baionako Dassault enpresaren aurrean eta Leroy Merlin inguruan, adibidez, goizeko 06:00etarako zegoen egina deialdi bat. Euskal Irratiek jakinarazi dutenez, Leroy Merlineko protesta desegin eta bi manifestari atxilotu ditu bertan Poliziak. Goizeko 10:30erako, bost ziren Baionako blokatzeetan denera atxiloturiko lagunak.
Arratsalderako, deialdi gehiago egin dituzte Baionan; besteak beste, 14:00etan Herriko Etxe aitzinean biltzera deitu dute. Pirinio Atlantikoetako prefekturak esan zuen drone bidez kontrolatuko zituztela gaur Pau eta Baiona, oinarri legal zalantzagarriarekin; auzitegi batek debekatu egin zuen zaintza hori.
80.000 polizia mobilizatu dituzte
François Bayrou Frantziako lehen ministroak irailaren 8an jasan zuen porrota Frantziako Asanblea Nazionalean, galdu egin baitzuen konfiantza-mozioa. 2026rako proposaturiko murrizketa-plana legitimatzeko deitu zuen mozioa Bayrouk, baina ez zuen hura gainditzea lortu. Sébastien Lecornu izango da lehen ministro berria.
Dena den, bere horretan jarraitzen dute gobernuaren eta mahai gainean dauden murrizketen kontrako mobilizazio-deialdiek. Sare sozialen bidez zabaldu zituzten lehenengo, Blokeatu dezagun guztia ("Bloquons tous") lelopean, eta hainbat kolektibok eta sindikatuk babestu dituzte gerora.
Ipar Euskal Herrian bezala, goizean goiz hasi dira blokeatzeak Frantziako Estatuko hamaika tokitan, milaka pertsonaren parte-hartzearekin; tartean ikasleak. Gobernuak aurrez iragarri zuen 80.000 bat polizia-agente mobilizatuko zituela greba orokorraren aurka, eta hasieratik esku hartu dute: AFP agentziaren arabera, 100 pertsona atxilotu dituzte dagoeneko, horietatik 95 Parisen eta inguruan, eta negarra eragiteko gasa erabili dute manifestarien aurka hainbat lekutan.
Gaurko dispositibo polizialaren dimentsioa neurtzeko, hainbat alderaketa egin ditu El País-ek: Champions Leagueko finalerako 11.500 agente mobilizatu zituzten agintaritzek, eta Olinpiar Jokoetako irekiera-ekitaldirako, berriz, 45.000.