AKTUALITATEA / Polizia-indarrak

Zumarragako Udalean lapurtzea leporatzen dieten bi udaltzainak mantentzen dituzte Bizkaian

Udal-instalazio batzuetara sartu eta 2.000 euro inguruko obra-material batzuk lapurtu zituzten bi agenteek, baina udaltzain izaten jarraitzen dute, Bilbon eta Getxon.
2026eko irailaren 14 - 08:21
Zumarragako Udalean lapurtzea leporatzen dieten bi udaltzainak mantentzen dituzte Bizkaian
— ARGAZKIA bilbaohiria.com

Udan atera da argitara ikerketapean daudela Zumarragan (Gipuzkoa) udaltzain modura aritutako bi polizia: udal-instalazioetara sartzea eta 2.000 euro inguruko obra-materialak lapurtzea egozten diete. Dena den, udaltzain izaten jarraitzen dute biek, batak Getxon (Bizkaia) eta besteak Bilbon (Bizkaia), Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berriki aitortu duenez.

2024ko maiatzean sartu ziren biak Zumarragako Udaltzaingoan, eta aurtengo apirilean eman behar zuten bukatutzat euren "praktikaldia". Bada, epe hori bukatzear zela egin zuten lapurreta udalerrian, antza denez. Arkautiko polizia-akademiak emandako azalpena jaso du elDiario.es hedabideak: beste herri batean udaltzain modura "praktikaldiak" egiten jarrai dezakete seinalatutako bi agenteek, kondena edo inhabilitazio formal bat egon arte.