AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/05 14:31

Joan den larunbatean ospatu dute Zumaiako (Gipuzkoa) Etxape Zentro Sozialistaren aurreneko urteurrena. Eguerdian bildu ziren zentroan hainbat eta hainbat lagun, herriko zenbait artistak sortutako erakusketa ikusteko. Gero, bazkaltzeko aukera izan zen Etxape aurreko plazan, eta iluntzera arte luzatu zuten ospakizuna: 18:00etan hasi zen Ekida Arte Ekimen Sozialistaren antzezlan berriaren emanaldia, Plaza hau gurea da. Plaza hartuta biribildu zuten eguna, beraz.

2022ko azaroan eman zuten berria Urola Kostan: urte luzez hutsik eta erabilerarik gabe egondako eraikin bat birjabetu zuen eskualdeko Kontseilu Sozialistak, Etxape Zentro Sozialista bilakatzeko. Besteak beste, "proletalgoaren autodefentsarako tresnak" sortzea zen asmoa; "autodefentsa eta aholkularitza laboralerako bulegoak, oinarrizko produktuen bilketak, formakuntza politikoa sustatzeko espazioak", eta abar.

Gaur egun, hainbat proiektu ahalbidetzen ditu Zentro Sozialistak; hala nola, "langile klasearen elkarlaguntza eta defentsa" oinarri dituzten errefortzu eskolak, oinarrizko hainbat produktu biltzeko kanpainak (ikasmaterial bilketa kasu), edota soldatapeko lanari eta etxebizitzari buruzko aholkularitza eta babesa emateko bulegoa, Urola Kostako Laneko Autodefentsa Sarearen eta Etxebizitza Sindikatuaren eskutik. Eskualdeko Mugimendu Sozialistaren egoitza politikoa bihurtu da Etxape, eta, proiektu zehatzak martxan izateaz gain, bertan garatzen dute beren jardun politikoaren zati garrantzitsu bat mugimenduaren parte diren askotariko antolakundeek: hitzaldiak, aurkezpen-saioak, eta abar.

Etxaperen lehen urteurrenean, Kontseilu Sozialistako kideek eskerrak eman dizkiete "urte honetan zehar ekarpena egin" duten guztiei. "Hemendik aurrera ere langileon antolakuntza indartzeko lanean jarraituko dugu", azaldu dute; eta horretan funtsezkoa izango da, zalantzarik gabe, Zumaiako Zentro Sozialista.

EZ DAGO IRUZKINIK