AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Macarfi
2025/07/16 07:43

Zumaiari (Gipuzkoa) itsatsirik dago Bedua jatetxea, Urola ibaiaren bazterrean, eta bertako esklabotza-baldintzen berri eman du oraintsu Azpeitiko (Gipuzkoa) Elkar-ekin taldeak. "Zumaiako Bedua jatetxean bizitako esplotazio-egoerak azaldu dizkigute bertan lanean aritu diren zenbait pertsona migratzailek, gehienak emakumeak", jakinarazi du: "Paperik gabe, eskubiderik gabe eta dena kontra izanik, ez dute inolako aukerarik sentitu salaketa egiteko".

Langileek euren lekukotzen bidez jakinarazi dutenez, "hamabi ordu baino gehiagoko lanaldiak ohikoak dira, eta badira hamazazpi orduko lanaldiak egin dituztenak ere". Behargin batzuek diote goizaldeko 04:00ak aldera bukatu izan dutela lana, eta nagusiak, haiek etxera eraman behar ez izateko, eskatu izan diela jatetxean bertan geratzeko lotan, 09:00etan berriz lanean hasi ahal izateko.

Egunean zehar, jatorduak egiteko, 10-15 minutuko tarteak baino ez dituzte izaten langileek. Gainera, batzuek esan dute oso gutxi ordaindu dietela edo, zuzenean, ez dietela ordaindu: "Ohikoa da langile horiei ezer ez ordaintzea. Guztiei aitzakia bera jarri ohi diete: probaldian egon eta beren lana ondo egin ez izana".

Epe laburrerako esklaboak, enpresa-interesen arabera

"Bedua jatetxean, bereziki unean uneko beharrak asetzeko, paperik ez duten pertsonak hartzea lehenesten dute, horrek aukera ematen dielako pertsona horiekin nahieran aritzeko", dio Elkar-ekinek. Hala, epe laburrerako esklaboak bilatzen ditu jatetxeak, bere beharrak asetzeko: "Jende gehiago beharko dutela aurreikusten duten datetan, epe laburrerako langileak hartu ohi dituzte. Horietako asko kaleratuak izan ohi dira egun gutxira, lan-karga arintzen zaienean". Kaleratu ahal izateko ere, "probaldian" zeudela eta ez dutela hura gainditu esaten diete.

Edonolako lanak: nagusiaren senideen etxeak garbitzea edo pertsona nagusiak zaintzea

Lan-eskaintzak egitean, Beduak adierazten du "platerak garbitzeko jendea" behar duela. Lanerako behartzean, baina, edonolako zereginak ematen dizkiete beharginei: "Zaintza-lanak, etxea garbitzea, baratzean aritzea, jatetxeko garbiketa eta abar". Kasu batzuetan, gainera, harago ere joan da nagusia, eta langileak behartu ditu Zumaian bere senideen etxeak garbitzera, edo adineko pertsonak zaintzeko barne-langile gisara jardutera.

"Zaintza-lanak egiteko barne-langile gisara era hartu izan dute jendea. Langile ohi batek azaldu digunaren arabera, pertsona heldu batekin egin behar izaten zuen lo gelan, baina hark zarata handiak egiten zituenez, ezinezkoa zitzaion loak hartzea. Nagusiari egoera azaldu zionean, beste gela txiki batean lo egitea proposatu zion, non ohe bat zegoen, eta ohe horretan etxeko txakurretako batek lo egiten zuen".

Elkar-ekinen eta Urola Kostako Kontseilu Sozialistaren salaketa

"Eskualdean bertan ditugu esklabotza-egoeretan lan egiten duten pertsonak, kasu askotan bizitza duinagoen bila beren herrialdeetatik hona etorri direnak. Ez dezagun ahaztu: pertsona esplotatuak daude pertsona esplotatzaileak daudelako", salatu du Elkar-ekinek Beduako erregimenaren harira. "Bedua jatetxean ematen diren egoera horiek benetan larriak direla uste dugu, baina argi dugu, ostalaritzari dagokionez, asko direla langileak antzeko egoeretan dituzten tabernak eta jatetxeak", gaineratu du.

"Udan nabarmen ugaritu ohi dira langileen aurkako abusuak, gehiegikeriak eta muturreko esplotazio-egoerak ostalaritzan edo turismoaren negozioari lotutako bestelako arloetan", salatu du, bestalde, Urola Kostako Kontseilu Sozialistak: "Intentsifikazioaren gorakada, behin-behinekotasuna, kontratu gabe lan egin beharra, ordaindu gabeko ordu estrak, eskubide urraketak... sektore horietako langileen eguneroko ogia bihurtu dira".

Seinalatu du "Bedua jatetxean gertatzen dena" dela "aipatutako guztiaren isla"; eta, "saldu nahi duten luxuzko fatxadaren atzean, langileen aurkako abusuak, miseriazko lan-baldintzak eta eskubide ororen deuseztapena ezkutatzen" dituztela. Hala, "nagusien inpunitateari aurre egitera" deitu du Kontseilu Sozialistak.

EZ DAGO IRUZKINIK