Hartzekodunen konkurtsora eramango dute Zumaiako (Gipuzkoa) Balenciaga ontziola, enpresako zuzendaritzak aurreko astean jakinarazi zuenez. Atzo goizean, hala, agerraldi bat egin zuten langileek, euren egoera salatzeko eta lantegia itxi ez dezatela exijitzeko. "Nazkatu gara," esan dute.
Egoeraren erantzule modura seinalatu dituzte bai enpresako zuzendaritza bai esku hartu duten erakunde publikoak: "Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuko Ekonomia Ministerioa errusiar erruletan jokatzen ari dira gure etorkizunarekin". Izan ere, "egoera hau kudeatzen ari direnek itxitzat jo dute enpresa, horrekin gure etorkizuna eta Urola Kosta eskualdearen zati handi batena hiltzat emanez", beharginen esanetan. Duela bi urte 200 behargin zituen konpainiak, zuzenean bere plantillakoak zirenak eta kontratetakoak kontuan hartuta.
Cofides eta Jaurlaritza, erantzule
Langileek ohartarazi dute "bideragarria" dela Zumaiako ontziola: "Badago etorkizunerako lan-karga. Finantziazioa lortzeko babesa baino ez da behar". Uste dute, ordea, enpresak aurkeztutako berregituraketa-plana "boikotatzen" ari dela Cofides. Espainiako Ekonomia Ministerioaren menpeko sozietate publiko-pribatu bat da, eta Balenciagan "hartzekodunen konkurtsoa eskatu izanaren erantzule nagusia", beharginen esanetan.
Jaurlaritzari dagokionez, "enpresari babes osoa helarazten diola" adierazi duen bitartean, bideragarritasun-plana inpugnatu du. "Ez dakigu zertan ari den", gaitzetsi dute langileek.
Bost hilabete kobratu gabe
Balenciagako langileek, hala ere, enpresako zuzendaritza azpimarratu dute erantzule nagusi modura: "Azken urteetan eraiki ditugun itsasontzien kudeaketa negargarriak ekarri gaitu hartzekodunen konkurtsora". Salatu dute, gainera, negoziazioetan ez dituela aintzat hartu enpresak: "Albo batera utzita izan gaitu".
Hainbat beharginek, une honetan, bost hilabete edo gehiago daramatzate euren soldata kobratu gabe: "Egunero ari gara sufritzen, hipotekak eta seme-alaben ikastetxeak ordaindu beharrarekin jarraitzen baitugu [...]. Hemen gertatzen ari denaren ondorio nagusiak pairatzen ari garenak gu gara".
Mobilizazioak, ostiral honetan hasita
Egoera ikusita, mobilizatzeari ekingo diote langileek. Ostiral honetan, hilaren 29an, Zumaian bertan egingo dute manifestazio bat: 18:00etan abiatuko da ontziolatik bertatik, Balenciaga ez itxi lelopean. Protesta gehiago egingo dituztela ere aurreratu dute, abenduaren 4an esaterako, Gasteizen (Araba). Jaurlaritza seinalatuko dute orduan.