AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/28 12:57

Agerraldi bat egin zuen atzo Donostiako (Gipuzkoa) Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, hirian bizi diren zortzi errefuxiatu familiaren egoera salatzeko. Izan ere, bota egingo dituzte euren etxeetatik, Espainiako Gobernuak ekainaren 19an esan baitzien desagerrarazi egingo dituela Donostian errefuxiatuei laguntzeko dituen bizitoki-plazak, eta horiek utzi beharko dituzte zortzi familiak. Adin txikikoak daude tartean, baita osasun-arazo larriak dituzten pertsonak ere.

Herenegun, Galiziara bidali zuten familia horietako bat. Beste bi familiak atzo utzi behar izan zuten Donostiako bizilekua eta gainerakoek bihar eta astelehenean egin beharko dute, sindikatuaren esanetan, "hirian inolako alternatibarik bilatzeko denborarik gabe". Hiru familiari proposatu diete CEAR erakundeak Areatzan (Bizkaia) dituen etxebizitzetara joateko, baina gainerakoei ez diete inolako bermerik eman oraingoz, kaleratzea gainean izan arren.

Osasun-gaitz larriak eta galarazitako errotzea

Ziurgabetasun erabatekoan dauden pertsona horien artean, "osasun-arazo larriak dituzten haur zein helduak daude", sindikatuak salatu duenez: "Donostiako Ospitalean artatuak izan behar dira txosten medikoen arabera; eta, hortaz, mahai gainean jarritako aukerak ez du osasun-arreta egokia bermatzen".

Gainera, familiek jakinarazi dute urratsak egin dituztela Donostian egonkortzeko, esaterako, haurrak hirian eskolatuta edo bertan lan egiten hasita, helduen kasuan. "Eta, hala ere, haien beharrak aintzat hartu gabe, haien egoera egonkortzeko eta lekuren batean errotzeko aukera kentzen diete", gaitzetsi du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. 

Erakunde publikoak, etxegabetzeak ahalbidetzen eta turismoaren negozioa indartzen

Errefuxiatu familia horietako batzuentzat, ez da tokialdatzen dituzten lehen aldia: "Aurretik ere bizilekuz aldatu behar izan dute batek baino gehiagok, eta gaur egun, ez Espainiako Gobernuak ezta Eusko Jaurlaritzak ere, ez diote inori behin betiko etxebizitza-alternatibarik eskaini oraindik". Sindikatuak gaineratu duenez, gaur egun familiek bizitokitzat dituzten pentsioko logelak turismora bideratuta egongo dira aurrerantzean, eta gaua 108 euro ordaindu beharko da.

Horrekin batera, "instituzio publikoaren laguntzarik eza" seinalatu du sindikatuak. CEARek zenbait familiari Bizkaian eskainitako alternatiba aitzakiatzat hartu ostean, erakundeek ez dute inolako mugimendurik egin Donostiako "etxegabetze eta lekualdatzeei aurre egiteko". "Ez dute proposamen errealik jarri mahai gainean. Bitartean, turismoaren negozioa finantzatu eta, etxejabeen zein enpresarien irabaziak jopuntuan jarri gabe, familia zaurgarrienak kanporatzen dira", azaldu du sindikatuak.

Duela astebete izan zen Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna, eta bertan Espainiako Gobernuko buru den PSOEek erakutsitako hipokrisia ere salatu dute sindikatuko kideek: "Elkartasunak ekintza izan behar duela eta ez hitza bakarrik aldarrikatu zuen PSOEk, eta, bitartean, errefuxiatuei bideratutako baliabideak murrizten dituzte".

Familia errefuxiatuekiko elkartasuna

Egoera "onartezina" dela azpimarratuz, sindikatuak Espainiako Gobernuari eta Jaurlaritzari exijitu die "familia guztiei emateko kalitatezko eta behin betiko etxebizitza-alternatiba" bat. Zehaztu du familia gehiago ere egongo direla "egoera antzekoan", eta dei egin die Etxebizitza Sindikatu Sozialistarenganara jotzera. Hala, "familia errefuxiatuekiko elkartasuna antolatzera" deitu du.

EZ DAGO IRUZKINIK