AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/12/17 09:09

Bilboko Udalaren (EAJ) etxebizitza-politika salatu du bertako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Zorrotzaurreko hirigintza-proiektuari azpimarra emanez. Udalak "uharte jasangarri eta anitz" modura saldu nahi izan duen proiektua, egiatan, "higiezinen negozioa elikatzeko eta eraikuntza-enpresei, inbertsio-funtsei eta errentari handiei mesede egiteko" plan bat dela seinalatu du sindikatuak; eta uste du bat datorrela, hain zuzen ere, "EAJk eta PSE-EEk bultzatutako hirigintza-politiken ildoarekin".

"Eredu horren ebidentziak argiak dira", azaldu du: "URBAS promotoreak, Jaureguizar enpresa eraikitzailearen bitartez, 314 etxebizitza saldu zizkion M&G Real Estate funts britainiarrari 98 milioi euroren truke, eta ondoren alokairu babestuko beste 143 etxebizitza Q-Living funts espainiarrari. Horiek etxebizitza babestuaren promozioari lotutako abantailez baliatuta egin dira, hala nola prezio murriztuan lurzoru publikoa eskuratzea edo dirulaguntza publikoak jasotzea, Etxebizitzaren Euskal Lege berriak indartuta".

Jaureguizar, Loiola eta Amenabar, etxebizitzaren kontura negozioa egiten

Babes Ofizialeko Etxebizitzen (BOE) eta Prezio Tasatuko Etxebizitzen sustapen gehienak Jaureguizar bezalako enpresen esku geratu direla nabarmendu dute sindikatuko kideek. "Enpresa horiek, etxebizitza babestua inbertsio-funtsei saltzeaz gain, ustezko gainkostuengatik ordainketa gehigarriak ere eskatu dizkiete langile-familiei; etxebizitza publikoaren esparruan praktika berri eta onartezina", diote.

Etxebizitza publikoen bidezko negozioaz gain, Loiola eta Amenabar eraikuntza-enpresek, esaterako, etxebizitza tasatuak eraikiko dituzte. 280.000 eurotik gorako prezioa izango dute horiek, erakunde-baremoak jarraituz. Zorrotzaurreko proiektua, hortaz, "lurzoruaren banaketa publiko-pribatuaren" adibidetzat hartu dute Bilboko kideek.

Bitartean, etxegabetzeak

Sindikatuak gogorarazi du, dena den, urrian bertan 80 bat lagun etxegabetu zituztela Zorrotzaurren, Erriberako Lancor pabiloia hustuta, eta otsailean desalojatu nahi dutela Consonni. Bi eraikinak dira udalaren jabetzakoak, eta etxerik gabeko pertsona ugarik hartu dituzte bizitokitzat. Hala ere, udalak Mondragon Taldearen esku utzi du espazioa, Bilbao Bizkaia Digital Factory proiektua gara dezan bertan.

"Etxetik atera dituzten pertsona askok aterpetxeetan jarraitzen dute, eta egunez kanporatzen dituzte, benetako etxebizitzarik eta egonkortasunik eskaini gabe", ohartarazi du sindikatuak: "Etxegabetasunaren eta bizitegi-prekaritatearen alde egiten den bitartean, udalak uste du babestutako etxebizitza-politika duela eta nazioarteko higiezin-inbertsiorako helmuga erakargarria izateagatik saritu dutela".

Bilketak datozen egunetan

"Erakunde publikoek kapitalaren zerbitzura jarduten" dutela eta "eraikuntza-enpresak eta funtsak lurzoru publikoa erabiliz aberasten" direla gaitzestearekin batera, balizko etxe-kaleratze berrien aurrean antolatzen ari da Etxebizitza Sindikatu Sozialista. Neguko arropa, lo-zakuak, mantak, oinetakoak eta abar bilduko ditu bihar eta etzi. 

Bihar, 18:00etatik 20:00etara bitartean egingo du lehenengo bilketa, Sarrikoko metro-irteeran eta Zazpikaleetako Portal de Zamudion. Etzi, ostiralez, ordu berean jarriko du bilketa-postu bana Sarrikoko metro-irteeran eta Corazon de Maria Plazan; Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartearen egoitzan hain justu. 

EZ DAGO IRUZKINIK