AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/01 22:01

Hilabete tragikoa izan da urria Palestinan: erresistentziak kontraerasora jo zuenetik eta Israelgo Estatu genozidak gerra-egoera ofizialki deklaratu zuenetik, etengabeak izan dira Gazako Zerrendan sionistek egindako bonbardaketak, eta 9.000 palestinar inguru erail dituzte jada. Filtratutako dokumentu batean Israelgo inteligentzia-zerbitzuek aitortzen dutenez, sionisten asmoa da gazatarrak Egiptora kanporatzea.

Bonbardaketa masiboak eta mugimendu militar sonatuenak Gazako Zerrendan izan badira ere, Zisjordanian ere gogortu eta larriagotu egin dira palestinarren kontrako erasoak sionisten partetik; bai indar militarrenak, bai kolono faxistenak.

Sarekadak eta torturak

Ohikoak dira soldadu israeldarrek Zisjordanian egindako sarekadak eta talde erailketak, bai eta horren ostean erresistentziako palestinarrei ezarritako zigor kolektiboak ere; hala nola, euren etxeen eraisketa. Baina urriak ere datu izugarriak utzi ditu: urriaren 7tik hona, sionistek gutxienez 1.740 palestinar atxilotu dituzte Zisjordanian.

Urriaren 30ean bertan, esaterako, 60 palestinar eraman zituzten atxilo Israelgo indarrek. Betleem, Hebron eta Nablus hirietan izan ziren atxiloketa gehienak, antza. Palestinako Presoen Elkarteak eta Atxilotuen Aferen Batzordeak behin eta berriz ohartarazi dutenez, "atxiloketen ondoren tortura eta atxilotuekiko eta beren familiekiko erasoak datoz, baita zigor kolektiboa eta beren jabetzen suntsiketa ere".

Beldurgarria bada ere, Palestinako iturriek aspalditik erakutsi dituzte soldadu israeldarrek preso palestinarrei emandako tratu txarrak, egunerokotasunaren parte gisa. Eta orain ere, ez da bestelakoa izan egoera: azken egunetan ere atera dira argitara militar sionistek atxilotutako palestinarrei egindako torturak. Esaterako, Palestina Hoy atariko Twitter hari honetan ikus daitezke torturen hainbat eta hainbat irudi; bai eta argitalpen honetan ere.

Kolonoen 100 eraso baino gehiago

Kolono sionistek egindako eraso faxistak ere, gelditzetik urrun, areagotu egin dira urriaren 7tik. Al Jazeera-ko Hoda Abdel-Hamid kazetariak azaldu duenez, urrian, palestinarren eta euren etxeen aurka 100 eraso baino gehiago egin dituzte kolono sionistek.

EZ DAGO IRUZKINIK