AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Al Jazeera
2024/09/04 12:40

Indar sionistek duela astebete ekin zioten aspaldiko oldarraldirik handienari Zisjordanian: azken bi hamarkadetan egindako erasorik bortitzena da. Zenbait iturriren arabera, aurreko asteazkenetik, gutxienez 50 palestinar erail dituzte Zisjordaniako lurretan. Zaurituak, berriz, ehunka dira.

Jenin hiria eta bertako errefuxiatu-kanpalekua dira sionistek gogorren eraso duten guneetako bat, eta setiatuta daukate, airez nahiz lurrez. 50.000 palestinar inguru bizi dira hirian, eta 20.000 inguru kanpalekuan. Laguntza humanitarioa erabat blokeatuta daukate sionistek, eta argindarra moztu dute.

Gainera, ur garbia izateko eta ur zikina bideratzeko instalazioei eraso diete: azpiegitura horiek osatutako 20 kilometro inguru hondatu dituzte. Agintaritza palestinarraren arabera, Jeningo kaleen %70 suntsitu ditu jadanik entitate sionistak, eta zulo erraldoiak egin ditu lurrean.

700 eraildako urritik hona

Zisjordaniako Tubas, Nablus eta Tulkarem hirietan ere jo dute erasora militar sionistek. Eta soldaduak ez dira oldarraldia biziagotu duten bakarrak izan: euren erasoekin jarraitzen dute "zibiltzat" jotzen diren kolonoek ere. Ramallah ekialdean adibidez, Burqa herrixkari su eman diote.

Palestinako erresistentziak, dena den, gogor erantzun dio Zisjordanian Bigarren Intifadatik ikusi den erasorik handienari. Estatu sionistak emandako datuen arabera, gutxienez hiru polizia-agente sionista eta militar bat hil dituzte miliziano palestinarrek.

Foku gehienak Gazako Zerrendako sarraski ikaragarrian mantendu diren bitartean, Zisjordanian ere nabarmen areagotu da sionisten biolentzia. Urriaren 7tik hona, gutxienez 700 palestinar erail dituzte Zisjordanian, eta milaka dira zaurituak. Horretaz gain, 10.000 palestinar baino gehiago atxilotu dituzte bertan, eta agintaritza sionistak martxan jarri du azken hiru hamarkadetako desjabetzerik handiena.

EZ DAGO IRUZKINIK