Martxan da Zigor Garro Frantziako Estatutik kanporatzeko prozesua. Preso politiko ohia baldintzapeko askatasunean egon da iazko arazotik, eskumutur telematikoa soinean, Hendaian (Lapurdi) bizitzen. Ezarri zioten 13 urteko kartzela zigorra bete du dagoeneko, baina aurreko astean jaso zuen jakinarazpenaren arabera, momentuz debekatu egingo diote Frantziako Estatuan bizitzea.
Bihar, maiatzak 5, PAFek Hendaian duen komisaldegitik pasatu beharko du Garrok. Maritxu Paulus Basurco abokatuaren arabera, "erabaki administratibo bat" da uneotan abian dena, eta gainera, epaitegiek Garrori "lurralde debekua altxatzeko egindako eskaerari" entzungor egin ostean gauzatuko dena.
Defentsak, preso politiko oreretarrari espetxe zigorra arintzeko eskakizuna aurkeztu zuenean, "behin betiko lurralde debekua" kentzea ere eskatu zuen. Ordutik, ziurgabea izan da noiz izango zen auzia, baina orain konfinamendua indarrean dela, "audientzia egitea ez dela posible" esan dute.
Hortaz, prozedura administratiboari jarraiki, kanporatu egingo dute Garro, eta horren ondoren izango da auzia. Oraindik ez dago data zehatzik.