AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gaurko agerraldia, Donostian.
2024/01/29 14:18

Aurreko asteazkenean izan zen Zestoako (Gipuzkoa) Gaztetxearen kontrako epaiketa, Azpeitian (Gipuzkoa). Zestoako bi gazte epaitu zituzten, gaur egun Gaztetxea kokatzen den eraikinaren birjabetzea dela-eta. Azpeitiko epaitegiak eman du jada ebazpenaren berri: Gaztetxea husteko agindua eman du epaileak, eta 70.000 eurotik gorakoak izan daitezke gazteei jarritako isunak.

Sententzia gaitzetsi du Zestoako Gazte Asanbladak, eta dei argi bat egin du, "Gaztetxearen alde borrokan jarraitzeko". "Inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu, pobretze orokortuko eta gizartearen biraketa autoritarioko garai honetan, elkartasun printzipioetan eta kritikotasunean oinarritzen diren proiektu sendoak martxan jartzea", esan du gaurkoan, besteak beste, Gaztetxeei erreferentzia eginda: "Horrenbestez, borrokan jarraituko dugu aurrerantzean ere". Berriz deitu du Eliza "negoziatzera esertzera", eta exijitu dio "gazte antolatuen aurkako mendeku politika geldi" dezala.

Protesta modura, mobilizazio deialdi bat egin dute aste honetarako Zestoako Gazte Asanbladak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak. Igandean, otsailaren 4an, Zestoan bertan egingo dute manifestazio bat, Gaztetxearen defentsan. 12:30ean hasiko da mobilizazioa, Zestoako plaza nagusitik.

Apostasia kolektiboa

Eskualdeko hainbat gaztek agerraldi bat egin dute gaur Donostian (Gipuzkoa), Gipuzkoako Gotzaindegi aurrean. Izan ere, Elizaren jabetzakoa da Gaztetxe bilakatutako eraikina, eta gotzaindegia bera izan da Gaztetxearen aurkako prozedura judiziala ireki duena. Hori dela-eta, Zestoako Gazte Asanbladak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak kanpaina bat izan dute martxan azken asteetan, apostasia kolektibora deitzeko: Gipuzkoan soilik, 700 apostasia eskaera baino gehiago bildu dituzte. Euskal Herrian inoiz gertatu den apostasia kolektiborik handiena ari da izaten.

Gaurko agerraldia amaitzean, ehunka apostasia eskaera horiek Gipuzkoako Gotzaindegian eskura ematen saiatu dira Zestoako gazteak. Ertzaintzak itxita zituen bi sarrerak, eta gotzaindegikoek oztopoak jarri dizkiete gazteei eskaerak entregatzeko. Hala, oraingoz, Elizak ez ditu eskaera horiek jaso eta onartu.

Kanpainari dagokionez, "prozesu guztian zehar alboan" izan dituzten "Gaztetxe nahiz bestelako eragileen eta herritarren babesa eta elkarlana" eskertu dituzte Zestoako Gazte Asanbladako kideek, Defentsa Komunitatearenak barne. "Mordoxka izan dira jasotako elkartasun eta babes keinuak, eta borroka hau ez litzateke posible izango beraiek gabe".

Eliza, lezioak eman nahian

"Elizak nahiago du espazio hau [Gaztetxea] hutsik mantendu, bertan gazteok proiektu politikoak, sozialak eta kulturalak antolatzea baino" salatu dute gazteek gaurko agerraldian: "Elizak dio gu espaziotik [Gaztetxea kokatzen den eraikina] atera arte ez duela negoziatuko, baina badakigu bere hitz egiteko balizko prestutasun hori itxurakeria hutsa dela. Horren erakusle da, espaziora sartu aurretik eta kanpoan geundenean, ezer negoziatzeko prestutasunik ez eduki izana". Gogorarazi dute, hala, Elizak "entzungor egin" diela Zestoako Gazte Asanbladak egindako proposamen guztiei.

"Orain ez du balio aurreko igandeko elkartasun-ekintza aitzakiatzat hartu eta gure irudia zikintzeak, beraiek [Eliza] direnean egoera honetaraino heltzea eragin dutenak", salatu du Gazte Asanbladak. Honela laburbildu du Elizaren jokabidea: "lan desinteresatuan, kontzientziazio politikoan eta ardurak hartzean antolatzen ari diren gazteen aurkako mendekua ezartzen ari da". Finean, herriko gazteek Elizaren jabetzako eraikin bat birjabetu eta Gaztetxe bilakatu izana lan politiko eta "jarrera horren erakusletzat" jo dute asanladako kideek, eta, horren kontra, Elizak "lezio bat eman nahi" duela uste dute: hain zuzen ere, "gazteen antolakuntza kolpatzea eta isunez itotzea".

Gazteek ohartarazi dute Elizak "balio etiko eta moralak erabiltzen" dituela bere sermoietan baina, zinez, ez daukala "inolako gupidarik herriko bi gazteren aurka 70.000 eurotik gorako isunak eskatzeko". "Biolentziaz hitz egiten duten berberak dira herriko gazteak milaka euroko isunez ito nahi dituztenak", erantsi dute.

Berriz esan dute, gainera, "prentsak, Elizak eta mota guztietako alderdi politikoek" hilaren 21ean Zestoako Gaztetxean izan zen protesta-ekintza baliatu dutela, Gazte Asanbladaren eta Gaztetxearen defentsan dihardutenen kontrako "kriminalizazio kanpaina bat abiarazteko".

Udalaren interesak

Zestoako Udalaren (EH Bildu) jarrera ere nabarmendu dute gazteek, bereziki, alkatearena. Gotzaindegiak berak aipatu izan duenez, bere momentuan, udala zen Gaztetxea lekualdatu nahi zuen lehena, "bestelako proiektu batzuk jarri nahi zituelako martxan" lehen Gaztetxea kokatzen zen tokian. Gero, ordea, gai horri buruzko eztabaidetako "blokeo-egoerari eta denbora administratiboei egotzi die" udalak tokialdatze hori gauzatzeko "aurrerapausorik ez ematea". "Nahiz eta [udalak] publikoki adierazi beste espazio batzuk eskaini zizkigula [Gaztetxea horietara mugitzeko], beraiek izan ziren proposamen horien aurrean atzera egiten lehenak", gaineratu du Gazte Asanbladak.

Iritzi dio, beraz, "garbi ikusi" dela "zein den udalaren nahia": "Gaztetxe berriarengatik izaten ari zen gatazka aprobetxatzea, Elizaren espazioak esku publikoetara pasatzeko eta bertan udal proiektuak martxan jartzeko; eta ez Gaztetxe bat". Azaldu dute "udalak edonolako mugimendu sozialak intituzionalizatzea bilatzen" duela eta "edozein antolakuntza independente deuseztatu" nahian ari dela, eta horren adibide dela Gaztetxearekin gertatutakoa.

EZ DAGO IRUZKINIK