AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Pamplona Actual
2025/07/11 07:49

Uztailaren 2an hasitako greba mugagabeari eusten diote Iruñerriko (Nafarroa) hiri-garraioko langileek, eta, negoziazioan aurrerapausorik ematen ez bada, baliteke hurrengo egunetan gutxieneko zerbitzuak ez betetzea. "Tarte txiki bat emango dugu erabaki hori hartu aurretik, baina aurrerapausorik egon ezean, ez dugu baztertzen", adierazi du langile-batzordeak. Halako presio-neurri bat hartzeak kaleratzeak ekar ditzake.

UGT, CCOO, ELA, LAB eta ATTU sindikatuek salatu dute enpresa ez dela berriro harremanetan jarri azken bitartekaritza-saiotik. Seinalatu dute, bestalde, "gutxieneko" zerbitzuek (San Fermin jaietan %60 eta %70 artekoak dira) grebarako eskubidea urratzen dutela eta zerbitzuaren funtzionamendu ia normala inposatzen dutela.

Langileak, grebaren bidez, eskatzen ari dira 2008tik galdutako soldataren %5,38 berreskuratzea, soldatak KPIaren arabera eguneratzea, lanaldia murriztea, gaueko eta jaiegunetako bajak eta plusak hobetzea eta 2023an iraungitako hitzarmen kolektiboa berritzea, besteak beste. Plantillaren %60k baino gehiagok egin dute bat lanuztearekin.

Gaur eguerdian, 12:00etan hasita, protesta bat egingo dute Merindadeen Plazan, lan-hitzarmen duin bat aldarrikatzeko.

Jendearen babesa

Langile-batzordeak mankomunitateari eta TCC Moventisi jakinarazi die negoziazioa blokeatu dutela eta haien interes ekonomikoak lehenetsi dituztela plantillaren lan-baldintzen eta zerbitzu publikoaren gainetik. "Enpresak, mankomunitateak eta udalak abandonatuta sentitzen gara, baina herritarrek babestu egiten gaituzte", azpimarratu du.

Eta horixe bera erakusten dute zenbait komunikabidek kalean bildutako iritziek. Noticias de Navarra-k elkarrizketatu dituen pertsona guztiek azaldu dute beharginen greba ulertzen eta babesten dutela, zerbitzuan eragina izan arren; hala jaso du egunkari horrek uztailaren 8an argitaratutako artikulu batean.

EZ DAGO IRUZKINIK