AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/01/08 11:58

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan urriaren 23tik 24ra bitartean egindako zenbaketa baten arabera, gutxienez 1.541 ziren gaua kalean igaro behar izan zuten pertsonak. Iruñeko hainbat kolektibok abenduan egin zuten agerraldi bat, hotz bolada betean, salatzeko 100 bat lagun zirela gaua kalean egin beste aukerarik ez zutenak. Arabako eta Nafarroako Caritasek ere abenduan egin zituen hainbat prentsaurreko, ohartarazteko igotzen ari direla kalean bizi behar duten pertsonen kopurua eta "bizitoki-prekaritatea". Eta badirudi, gainera, 2025ean zehar okerrera egingo duela etxebizitzaren krisiak, erosketa nahiz alokairu prezioek gora egingo dutela iradokitzen ari baitira ikerketetan.

Izugarriak dira jadanik errealitate bat diren datuak eta izugarriak dira iragarpenak. Eta, krisi horren erdian, arku parlamentario guztiko alderdiek gidatutako erakunde publikoen erantzuna eta neurriak ere ikaragarriak izaten ari dira: baliabide publikoak murriztearen eta errepresioa areagotzearen alde egiten ari dira batzuk, eta ezintasunean oinarritutako protokolo antzuak ezartzen ari dira beste batzuk. Horixe bera erakusten digute Iruñea, Donostia, Barakaldo edo Bilbotik datozkigun azken berriek.

Bilbo: gutxienez 600 lagun kalean, udaltzainen jazarpena jasateko arriskuan

EAEn urrian egindako zenbaketetan, Bizkaian identifikatu zuten etxerik gabeko pertsona gehien; aipatutako 1.541 lagunetatik 895. Bilbo hiriburua izan zen nagusi, bertan topatu baitzituzten 600 pertsona kalean gaua egiten: 500 plaza inguru bermatzen ditu egun Bilboko Udalak (EAJ). Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) kolektiboak abenduaren amaieran salatu zuen, dena den, hotzaren kontrako neurriak hartu gabe jarraitzen zuela udalak, hainbat gautan tenperaturak 0°C-ra hurbildu arren. Teorian, udalaren protokolo propioen arabera, tenperaturak 0°C-tik gertu daudenean, bizitoki-baliabideak areagotu behar ditu gobernuak. 2020an itxi zuten Altamirako negu-aterpetxea.

Hori gutxi balitz, etxerik gabeko pertsonak jazartzen dituzte udaltzainek. Haietako batek jasandakoa azaldu du OEEk, adibidez. Atxuriko karriketan bizi izan da kanpin-denda batean, eta berriki egin dute bere kontra udaltzainek: handik alde egin behar zuela esan zioten. Udaletxera jo zuen berak, ea nora joango zen galdetzeko, baina, erantzunik eman gabe, hiru egun beranduago jazarri zuten berriz poliziek. Tokitik bota zuten, eta ohea eta mantak lapurtu zizkioten.

Udal-gobernuak, gainera, hirigintza bera ere erabiltzen du pertsona etxegabeen aurka: Bilboko Kontseilu Sozialistak irailean salatu zuen, esate baterako, Areatzako parkingeko sarrerak aldatu zituela udalak, gaua han igarotzen zuten pertsonak handik kanporatzeko. Beste auzo batzuetan ere egin ditu antzeko moldaketak.

Donostia: turistentzat bai, etxerik gabeko pertsonentzat ez

Gipuzkoako hiriburua da, gaur-gaurkoz, Espainiako Estatuko garestiena etxebizitzari dagokionez. Donostia Antifaxista plataformak abenduan salatu zuenez, 5.600 etxe hutsik dauden bitartean, gutxienez 415 lagun daude kale egoeran. Hala ere, bere eskura dituen hainbat baliabide erabili gabe segitzen du Donostiako Udalak (EAJ), eta La Sirena aterpetxea da horren isla: muturrekotzat hartutako tenperaturak iragartzean baino ez dute irekitzen etxerik gabeko pertsonentzat, Euskalmetek izotz-arriskua aurreikustean hain justu. Azaroaren 16tik apirilaren 1era bitartean bakarrik ematen zaio erabilera hori, gainera.

Hori justifikatzeko, udalak aitzakiatzat hartu izan du eraikina ez izatea ofizialki Gizarte-Ekintza Sailaren baliabide bat, baizik eta Gazte, Hezkuntza eta Aterpetxeen arlokoa. Urteko zenbait sasoitan, hala, turistentzat ireki izan du La Sirena aterpetxea, etxerik gabeko pertsonei hura erabiltzea ukatu dion bitartean.

Iruñea: gutxienez 100 pertsona kalean, eta protokolo antzuak

Joan den abenduaren 12an egin zuten agerraldi bat Iruñerriko hainbat kolektibok; Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Paris 365, Haritu, Lantxotegi, PIM-MIG, Salhaketa eta abarrek. Aurreko asteetan, hotz-bolada baten erdian, kalean egin behar izan zuten gaua 100 pertsona inguruk, migrante gazteak gehienak, erakunde publikoen baliabideetatik kanpo geratzen direlako. Ustez horri aurre egiteko prestatu zuen hotzaren kontrako protokolo berezi bat Iruñeko Udalak (EH Bildu), baina baztertzailea zen erabat: aterpe bat emateko, gutxienez hiru urtez hirian erroldatuta egotea exijitzen zuen, nahiz eta jakina den zer zailtasun izaten duen askok erroldatzeko.

Hotzaren aurkako protokoloak barne hartzen ez zituen pertsonak artatzeko, udalak beste larrialdi-protokolo bat ere aktibatu zuen abenduaren 8an, baina muturrekotzat hartutako egoeretan baino ez da indarrean egoten: beste aterpetxe bat irekitzen dute kasu horietan. Uholdeak edo elurte "gogorrak" iragarri direnean sartzen da indarrean protokoloa; edo tenperatura minimoak hainbat egunez jarraian izan direnean 1ºC-koak edo baxuagoak, eta maximoak 5ºC-koak edo baxuagoak (baldintza horiek gauez soilik bete badira, ez da larrialdi-aterpetxea aurrez irekitzen). Hala ere, Bilboko Udaleko agintariek egin izan duten modura, Iruñeko alkate Joseba Asironek harrotasunez hitz egin du bertako baliabideei buruz, azpimarratuta "Iruñera joatea gomendatzen dietela" kale egoeran dauden pertsonei.

Barakaldo: etxerik gabeko emakumeentzako aterpetxea zarratuta

Negu honetan ere, bestalde, etxerik gabeko emakumeei bideratutako aterpetxea ez irekitzea erabaki du Barakaldoko Udalak (EAJ), epemugarik gabe. Horretarako, argudiatu du eraikinak ez dituela betetzen "zabaltzeko baldintzak". Espazio horrek sei hilabete daramatza itxita, nahiz eta azken ikerketek dioten, Barakaldon soilik, kalean bizi direla gutxienez 56 gizon eta hiru emakume. Ohartarazi dute, hala ere, egiaz askoz ere gehiago direla kale egoeran dauden pertsonak.

Aurreko urtean ere aterpetxeko plazak murriztu zituen udal-gobernuak. Berri Otxoak eta Argitan kolektiboek gogorarazi dute, iaz, emakume etxegabe batek bizia galdu zuela Barakaldoko karriketan: kutxazain batean aurkitu zuten hilik. Azken lau urteetan, etxerik gabeko gutxienez hiru lagun hil dira herri horretan.

EZ DAGO IRUZKINIK