AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/04/20 18:22

Aurreko larunbatean jakinarazi zuen Iruñerriko Kontseilu Sozialistak Langile Kontrolpeko Espazio berri bat ireki zuela Iruñeko (Nafarroa) Arrosadia auzoan; Iruñerriko Zentro Sozialista, hain zuzen. Zinema zaharrak birjabetu zituzten Zentro Sozialista bilakatzeko eta, zehazki, "Mugimendu Sozialista bere adierazpen guztietan indartzeko, komunitate politikoa hauspotzeko eta proletalgoaren autodefentsarako mekanismoak garatzeko".

Poliziak ordutik zelatatu zuen ingurua —Kontseilu Sozialistako kideek atzo eman zuten azken egunetan gertatutakoaren berri—, eta hainbat egunetako polizia-jazarpenaren ostean, atzo eguerdian hustu zuten espazioa udaltzainek, Espainiako Poliziak lagunduta. Hori dela-eta, gaur arratsaldean elkarretaratze bat izan da Gelbentzu kalean —han kokatzen zen Zentro Sozialista—, Iruñerriko Kontseilu Sozialistak deituta; Desalojoaren aurrean, Zentro Sozialistak aurrera! Basta de acoso policial lelopean egin dute protesta.

Poliziaren jarduera mafiosoa

Gaurko kontzentrazioan, Arrosadiako zinema zaharren birjabetzea argitara eman zenetik bizitakoak ekarri dituzte berriro gogora Kontseilu Sozialistako kideek. Udaltzainek Zentro Sozialista inguruan ezarritako kontrola "etengabea" izan zela salatu dute, baita poliziek eraikinerako sarbidea itxi zutela ere, husterako inolako agindu judizialik gabe eta eraikinaren legezko jabeek salaketarik aurkeztu gabe. Poliziaren "jarduera mafiosoa" seinalatu dute: "Epailearen aginduaren gabezian, zentroaren jardueraren normalizazioa oztopatu nahi izan dute. Jardunbide hori desokupazio-enpresa parapolizialek egiten dutenarekin pareka daiteke, baina oraingoan, Estatuaren funtzionarioen partetik. Hala, poliziak agente judizialen zereginak bere egin ditu, Estatuko ustezko botere banaketaren arabera, berari ez dagozkion erabakiak hartuz".

"Irizpide politiko argiek gidatutako jazarpen polizialak aurreikusitako jarduera gauzatzea eragotzi digu. Azken urteotan eraikinen birjabetze kasuetan ohikoa ez den jardunbidea izan da, haien legedia ere urratu duena", azaldu du Kontseilu Sozialistak. Oraindik ez dago gunea husteko epailearen agindu ofizialik, eta beraz, Kontseilu Sozialistako kideek azpimarratu dute ezin dela baieztatu hustea legezkoa izan denik. Agindu hori egongo balitz ere, gainera, "zuhurtziazko agindu judizial horrek defentsa juridikorako aukera zalantzan jartzen" duela argitu dute: "Aurrekari oso larria da. Noiztik ematen du epaile batek zuhurtzia-agindu bat 24 ordu baino gutxiagoan, eraikineko bizilagun gisa identifikatu zuten pertsonaren defentsa-eskubidea eragotziz?".

"Hori guztia posible da okupazioaren aurkako ofentsibaren testuinguruan, behin eta berriz auzitan jarri dugun ofentsiba politikoaren adierazpen bat besterik ez dena. Burgesia proletalgoaren eskubide sozial, zibil eta politikoak deuseztatzeko prozesuan abiadura bizian egiten ari da aurrera, ia erresistentziarik gabe, eta parlamentuko alderdi guztien babesarekin", salatu du Kontseilu Sozialistak.

Zentro Sozialisten garrantzia

"Horren aurrean, ez dago proletalgoaren antolakuntza independentea ez den beste irtenbiderik, ordena burgesaren babesle diren agente guztien eraginetik at", aldarrikatu du. Proletalgoa "politika egiteko aukeratik baztertuta" dagoela seinalatu du, eta "politika gisa aitortua den jardun bakarra Kapitalaren eskuineko zein ezkerreko alderdiena" dela. "Eskubide politikoak ez dira oparituak izan, konkistatuak baizik, eta horregatik, biltzeko, antolatzeko edo manifestatzeko eskubideak mantendu eta hedatu nahi baditugu, antolakuntza komunistaren bitartez borrokatu behar ditugu eskubide horiek", gaineratu du.

Eginkizun horietarako guztietarako Zentro Sozialistak ezinbestekoak direla nabarmendu dute Kontseilu Sozialistako kideek, "horien gabezian, politika proletarioak ezingo baitu aurrera egin". "Zentro Sozialisten eginkizuna are garrantzitsuagoa da gizarte kapitalistaren basakeriari aurre egiteko baldintzak alderdi eta sindikatuetatik haraindiko antolakuntza komunistak bakarrik jar ditzakeela agerian geratu den testuinguru honetan".

"Bizitzaren eremu guztietan burgesiaren boterea lehiatuko duen antolakuntza komunistan sakontzen jarraitzea" beharrezkotzat jo dute; "horretarako, Kapitalaren defendatzaile diren polizia eta epaileen mehatxuen aurrean, Zentro Sozialistak eraikitzen, garatzen eta defendatzen jarraituko dugu", esan dute.

EZ DAGO IRUZKINIK