AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/03/22 11:32

Gaur jakinarazi du Goierriko Kontseilu Sozialistak Langile Kontrolpeko Espazio berri bat ireki duela eskualdean. Beasainen (Gipuzkoa) zabaldu dute Goierriko Zentro Sozialista, iraganean Erka Material Elektrikoak enpresak erabiltzen zuen lokal batean. Urteak daramatza hutsik espazioak.

Jardun politikoari bultzada

"Langile klasearen aurkako ofentsiba bizi dugun honetan, proletalgoaren autodefentsarako tresna gehiago sortu eta indartu nahi ditugu Zentro Sozialistaren bidez", azaldu dute Kontseilu Sozialistako kideek. Izan ere, krisi garaian, "baldintza ekonomikoak eta politikoak defendatzeko borrokak berebiziko garrantzia" duela uste dute. Mugimendu Sozialistatik, norabide horretan lan egiten ari direla gogorarazi dute: "Ezagunak ditugu eskualdean Langile Autodefentsa Sareak irekitako lan-gatazkak, Kontseilu Sozialistatik A-636ko bidesariaren aurka egindako kanpaina, etxegabetzeak geratzeko ekintzak edo Beasainen indarkeria matxista kasuetarako babes etxebizitza baten alde Itaiak egindako lana".

Aurrerantzean ere "proletalgoaren autodefentsarako tresnak" jarriko ditu martxan Mugimendu Sozialistak, eta lan hori indartuko du eskualdean ireki berri duten Zentro Sozialistak. Aurreratu dutenez, Goierriko Etxebizitza Sindikatuak eta Laneko Autodefentsa Sareak bulego bat izango dute espazio berrian, "aholkularitza eskaintzeko eta formakuntza saioak egiteko". Itaiak, bestalde, indarkeria matxista kasuak lantzeko tokia izango du Zentro Sozialistan; eta Mugimendu Sozialistak, orokorrean, "formakuntza politikoa sustatzeko edo sozializatzeko ekimenak" antolatuko ditu han. "Proletalgoak antolakuntza gaitasuna irabaztea eta klase independentzia ardatz duen estrategia politikoa hauspotzea da Zentro Sozialistaren xedea", biribildu du Goierriko Kontseilu Sozialistak.

Bi hitzordu

Datozen egunetarako, bi hitzordu jarri dituzte Beasaingo Zentro Sozialistan. Ostiral honetarako lan-egun batera deitu dute, espazioa atontzeko lanetan aritzeko. Larunbatean, berriz, proiektua aurkezteko saio bat egingo dute, 17:30ean hasita. Espazioa ikusteko aukera izango da orduan, eta hurrengo asteetan abiatuko diren ekimenen berri ere emango da.

EZ DAGO IRUZKINIK