AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Volodimir Zelenski (X)
2025/03/05 01:02

Volodimir Zelenskik su-eten partziala eskaini dio Errusiari, aire- eta itsas-erasoak bertan behera uztea eta presoen truke bat barne, "Errusiak gauza bera egiten badu". Hala adierazi zuen atzo Ukrainako presidenteak, X-ko bere kontuan argitaratutako mezu batean. Bertan esan zuenez, Ukraina "bake-prozesu batean aurrera egiteko prest" dago, "Donald Trump presidentearen gidaritzapean". Eskaintza hori bi agintariek Washingtonen bilera tirabiratsu bat izan eta AEBek Kievi emandako laguntza militarra bertan behera geratu ostean etorri da. Kremlinak erabaki hori "bakerako pausorik onena" dela esan du.

Aldi berean, Europar Batasunak berrarmatzeko plan bat iragarri du. Ursula Von Der Leyen Europako Batzordeko presidenteak aurreratu duenez, blokeak 800.000 milioi euro mobilizatuko ditu, bere gaitasun militarrak indartzeko hainbat mekanismoren bidez. Finantza-pakete hori Europa berrarmatzeko estrategia baten parte da gaur egungo testuinguru geopolitikoan, non Washingtonekiko aliantza hautsi egin den. Proposamena datozen asteetan eztabaidatuko dute estatu kideek eta Europako Parlamentuak.

Otsailaren 28an Trumpekin izandako bilera ere aipatu zuen atzo Zelenskik, eta "tamalgarritzat" jo zuen hura. Sare sozial beraren bidez, "gauzak zuzentzeko" eta "Estatu Batuekin lankidetza mantentzeko" asmoa agertu zuen Ukrainako presidenteak. Halaber, Washingtonekin mineralei buruzko akordio bat sinatzeko prestutasuna erakutsi zuen, "Ukrainako segurtasun-bermeak indartzeko".

EZ DAGO IRUZKINIK