AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/09/21 11:34

Leioako 5en askatasuna exijitzeko, mobilizaziora deitu zuen gaurko Ikasle Abertzaleak antolakundeak. Ikasleek goizean goiz zabaldu dute bost auzipetuen aldeko eta errepresio politikoaren aurkako aldarria Leioako (Bizkaia) campusetik, unibertsitatera sartzeko bideak moztuta. Gaurkoan ere, goizean goiz sartu da Ertzaintza unibertsitatera. Eguerdian, bestalde, manifestazio bat izan da campusean, Mikel Laboa plazatik hasita.

Errektoretzaren aurrean geratu dira mobilizazioan batu diren ehunka gazteak, "Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) bere teilatupean eta bere onespenarekin izandako gertakizunaren [Leioako 5en kasua] aurrean daukan arduraren arabera joka dezala exijitzeko". Zehazki, Leioako 5en aurkako akusazioak aurkeztu dituen Delta segurtasun-enpresari presioa egin diezaiola eskatu diote manifestariek EHUri, segurtasun-indarrak fiskaltzarekin negoziatzen ari baitira une honetan.

Unibertsitatearen izaera poliziala

2016an Leioako campusean egindako manifestazioan bezala (protesta horretan atxilotu zituen Ertzaintzak Leioako 5ak), "gaur egungo unibertsitatearen izaera poliziala" eta "ikasle antolatuen aurkako errepresioa" salatu dituzte gazteek. "Azken urteetako gizartearen deriba autoritarioarekin batera, bere baitan garrantzitsuak diren instituzioek ere norabide bera jarraitzen" dutela nabarmendu dute gaur IAko kideek. Unibertsitatea jo dute horren adibidetzat, eta ohartarazi dute EHU ez dela inola ere "salbuespena; froga baizik".

Errepresio politikoa unibertsitate kapitalistan eta, hortaz, EHUn "eguneroko" ogia dela salatu dute ikasleek: "Bere funtzio nagusienetarikoa da unibertsitatearen izaera kapitalista mahai gainean jartzen dugun ikasle langileon antolakuntza adierazpen oro zigortzea eta zokoratzea".

"Egunero-egunero, gure jardun politikoa aurrera atera nahian ari garen ikasle antolatuok aurkitzen ditugun zailtasun eta oztopoak nabarmenak dira, baina garbi izan behar dugu ikasle langileon antolakuntza ehuntzen joatea dela oztopo eta zailtasun horiei guztiei aurre egiteko bide bakarra", aldarrikatu du IAk.

Epaiketa datorren asteazkenean, eta elkartasun keinuak

Leioako 5en atxiloketa eta haien kontra abiatutako prozedura judiziala, hain zuzen ere, unibertsitatearen izaera horren isla dela seinalatu dute gaurko manifestazioan. "EHUren errepresioaren aurka borrokatzeagatik eta gu guztion unibertsitateko askatasun politikoen defentsa egiteagatik espetxeratuak izateko arriskuan daude", gogorarazi du IAk.

"Elkartasun keinurik handiena borrokan jarraitzea" dela dio, eta "antolakuntza politikorako bermeak izatearen alde irmo" segituko duela lanean; "oinarrizko askatasuna eta eskubide politikoak gutxieneko premisa baitira egunero-egunero egiten dugun jardun politikorako". "EHUri 2016an egindako exijentziak geure egiten ditugu, bai eta horiek lortzera begira gure konpromisoa adierazi ere", gaineratu dute ikasleek.

Datorren asteazkenean, irailaren 27an, epaituko dituzte Leioako 5ak, Bilbon (Bizkaia). 45.000 euro eta 40 urteko kartzela-zigorrak eskatzen dituzte haientzat, hamazazpina urtekoak bi lagunen kasuan. Ikusi hemen GEDAR LANGILE KAZETAk Leioako 5en kasua puntuz puntu azaltzeko argitaratutako infografia.

EZ DAGO IRUZKINIK