AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / LAB
2025/12/12 10:31

Abu Dhabi Ports enpresa arabiarrak, Zumaiako (Gipuzkoa) Balenciaga ontziola erosi nahi duenak, hainbat marra gorri jarri ditu, EITBk jaso duenez: ez ditu plantillako langile guztiak eta gaur egungo lan-baldintzak mantendu nahi. Hain zuzen ere, zazpi behargin kaleratzeko asmoa du momentuz, eta %25-50 artean jaitsi nahi ditu soldatak.

Hilabete luzetako ziurgabetasunaren ondoren, udan jakinarazi zuten 11,2 milioi euroko eskaintza egin zuela Abu Dhabi Sportsek, ontziola erosteko. Langile-batzordeak uztailean onartu zuen inbertitzaileen eskaintza eta horixe bera aurkeztu omen zuen epaitegian enpresak, baina gerora, geldotu egin dira negoziazioak, inbertitzaileek murrizketak mahaigaineratu dituztenean. Beharginen ordezkariek atzo egin zuten agerraldi bat ontziolaren egoitza nagusian, eta esan zuten azaroaren 12an jakin zutela enpresak kaleratzeak eta soldata-jaitsierak ezarri nahi dituela, langile-batzordea Madrilera deitu zuenean bilera batera.

Langileek diote lan-baldintzak hobetu nahi dituztela, ontziolaren erosketan aurrera egiteko. Besteak beste, ekidin nahi dute soldatak 2028raino izoztea, eta hasieran, Abu Dhabi Portsek ez zion eskaera horri uko egin. Orain, ikusteke dago zer norabide hartzen duen erosketako negoziaketak. Balenciagak, berez, beste bi ontzi ekoizteko eskaerak ditu hitzartuta, baina geldirik daude negoziazioa ebatzi bitartean; langile-batzordeak dio "onartezina" dela "plantilla murriztea edo doitzea".


Irakurri hemen GEDAR LANGILE KAZETAk Balenciagako hainbat langilerekin hitz egin ondoren argitaratutako erreportajea.

EZ DAGO IRUZKINIK