AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/07/28 17:09

Espazio publikoaren pribatizazioa muturreraino eraman nahian ari da Zarauzko (Gipuzkoa) udal-gobernua, EAJ eta PSE-EE buru dituena. Urola Kostako Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak uztailaren 17an salatu zuten, idatzi baten bidez, udalak dirua kobratu nahi diela kalean hitzaldi bat egiteagatik. Uztailaren 19rako antolatu zuten turismoaren negozioari buruzko hitzaldi bat Frontoi Txikin, eta horretarako baimena hilabete lehenago eskatu arren, hitzaldia izan baino egun gutxi batzuk lehenago jaso zuten udalaren erantzuna antolatzaileek: hitzaldirako erabilitako metro karratu bakoitzeko, 5 euro ordaindu beharko zituztela esan zieten alkatetzatik.

"Inolako interes pribatu eta irabazi-asmorik gabe, kezka-iturri den gai sozial bati buruzko hitzaldia antolatzeagatik kobratu nahi dio herriko eragile bati", azaldu zuten Kontseilu Sozialistak eta sindikatuak. "Zarauzko Udalak debekua eta zentsura erabiltzen ditu. Ez da kontu berria, baina bai larria", gaineratu zuten: "Azken urteetan hamaika izan dira herriko ekimen eta eragileok espazio publikoa erabiltzeko jasan ditugun oztopo eta debekuak". Horren adibide modura aipatu zuten, esaterako, udal-gobernuak adierazi izana "udalaren ekimenak bakarrik" egin daitezkeela erdiguneko plaza nagusietako batean, Lege Zaharren Enparantzan alegia; edo Xabier Txurruka alkate jeltzalea bera aritu izana kaleetan turismoaren negozioaren kontrako kartelak kentzen, eta udal-brigadari agintzen propaganda politikoa kendu dezala.

Eta herriko Gazte Asanbladak, Dandak, beste adibide baten berri ere eman du oraintsu. Izan ere, uda honetako egitarauaren barruan, futbol-txapelketa eta parrillada bat prestatu zituen uztailaren 26rako, Astiko futbol-zelaian. Udalak, baina, hitzordu hori ere eragotzi nahi izan zuen: Dandari jakinarazi zion 210 euro kobratuko zizkiola espazio publiko hori erabiltzeagatik. Baina Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak egin bezala, oztopoak oztopo, ekimenarekin aurrera egitea erabaki zuen Gazte Asanbladak, eta gazte ugari bertaratu ziren txapelketara.

"Lotsagarria da irabazi-asmorik gabeko eragile bati espazio publikoa erabiltzeagatik kobratu nahi izatea", salatu zuten Dandako kideek udalaren erabakiaren harira: "Hori da Zarauzko Udalak egiten duena; 40 Principales bezalako egitarauetan milaka euro gastatu eta, bitartean, gazteok antolatzen ditugun egitarauetan kobratu".

Turismoaren negozioaren aurka, abuztuaren 2an kalera

Espazio publikoaren pribatizazioa, etxebizitza-krisia eta lan-prekaritatea salatzeko, Urola Kostako Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak mobilizazio-deialdi bat egin dute Zarautzen bertan larunbat honetarako, abuztuaren 2rako. Turismoaren negozioari ez! lelopean, 12:00etan hasiko da manifestazioa Lege Zaharren Enparantzatik; hau da, udaletxe aurretik.

EZ DAGO IRUZKINIK