Zabor eta lur azpian jarraitzen dute aurreko ostegunean, otsailak 6, desagertutako bi langileek. Luizia izan zen Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian, eta harrapatuta geratu ziren bertan soldatapean jarduten zuten bi behargin. Egunean bertan jarri zituzten martxan erreskatatze lanak, baina Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutuak aginduta, berehala utzi behar izan zituzten bertan behera, zabortegiko hondakinen artean amianto arrastoak aurkitu zituztelako. Une honetan ere geldirik daude bilaketa lanak, geologoek ohartarazi baitute "desegonkor" dagoela lurra, eta lur-jausi gehiago gertatzeko arriskua dagoela.
Horretaz gain, azken egunotan, gutxienez birritan piztu dira suteak hondakindegian, eta inguruan nabaria izan da kea asteburu osoan.
Zantzuak
Verter Recycling 2002 enpresarena da Zaldibarko zabortegia. Hainbat hedabidek gaur jakinarazi dutenez, desagertutako langileetako batek aldez aurretik ohartarazi zuen enpresa; zabor gehiago ezin zela jaso eta lur gehiago sartu beharra zegoela esan zuen. Iragan asteartean pitzadura handi bat atzeman zuten hondakindegian, baina enpresak ez zuen hondakinen sartzea eten: luizia gertatu zen egunean ere, osteguna, normaltasunez eraman zituzten hondakinak kamioiek.
Aldez aurretik ere hainbat kontrol egin zizkioten enpresari, eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Saila "enpresa zigortzea aztertzen ari zela" eman dute aditzera hedabideek.
Amorrua
Atzo, otsailak 10, mobilizazio zaratatsuak izan ziren Zaldibarren (Bizkaia), Eibarren (Gipuzkoa), Ermuan (Bizkaia), Mallabian (Bizkaia) eta Markinan (Bizkaia); Zaldibarren gertatutakoa salatzeko, desagerturiko langileen senideei elkartasuna adierazteko eta erantzuleek "erantzukizunak" beren gain hartzea galdegiteko. Zaldibar argitu lemapean, zabortegian jazo denaren inguruko informazioa exijitu zuten milaka manifestarik, eta "euskal langileriak ez duela barkatuko" ere aldarrikatu zuten hainbatek. Zenbait ahaidek adierazi zuten "mina amorru bilakatu" dutela, eta haien ondoan nahi dituztela desagertutako senideak.
Heriotzak tantaka
2020. urtea hasi zenetik, gutxienez hamaika langile erail dituzte haien lanpostuetan Euskal Herrian. Otsailean, Galdakaon (Bizkaia) eta Santurtzin (Bizkaia) izan dira hilketak.