AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Ecologistas En Acción
2024/09/11 09:22

Lau urte eta erdi igaro dira Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko lan-erailketa izugarritik. 2020ko otsailaren 6an, luizi bat izan zen bertan, eta hondakin artean harrapatuta geratu ziren bi langile: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Luizia gertatu eta berehala jarri zituzten martxan erreskatatze-lanak, baina berehala eten behar izan zituzten, amianto-arrastoak topatu zituztelako hondakin artean, eta desegonkor zegoelako lurra. Sololuzeren gorpuzkiak urte erdira aurkitu zituzten, baina, gaur-gaurkoz, desagertuta jarraitzen du Beltranek.

Verter Recyling zen hondakindegiaren enpresa jabea. Gertakariak argitzen joan ahala, argitara atera zen Verterrek bazuela Zaldibarren luizi bat gertatzeko aukeraren berri. 2020an desagertutako beharginetako batek aurrez ohartarazi zuen enpresa arriskuaz: zabor gehiago ezin zela jaso eta lur gehiago sartu beharra zegoela esan zuen.

2020ko otsailaren hasieran, luizia izan baino egun batzuk lehenago, pitzadura batzuk atzeman zituzten zabortegian, eta Geyser HPC enpresako ingeniariek horien jatorria ikertzea gomendatu zuten. Ondorioa izan zen "ezohikoa" zela zabortegiaren egoera. Verterrek, baina, ez zuen hondakinen sartzea gelditu: otsailaren 6an bertan ere, normaltasunez eraman zituzten hondakinak bertara.

Bizkaiko Lan Ikuskaritzaren txosten batek ere argi jartzen du jopuntuan Verter. Ikuskaritzak epaitegiari adierazitakoaren arabera, ondorioztatu zuen enpresak bazuela zabortegiko jauste-arriskuaren berri, baina langileek ez zutela horren inguruko jakinarazpenik edo abisurik jaso. Verterreko zuzendaritzak, beraz, informazio hori guztia ezkutatu zien beharginei.

Eusko Jaurlaritza ere egoeraren jakitun zen. Izan ere, gerora jakin zen Verter zigortzea aztertzen ari omen zela Jaurlaritzako Ingurumen Saila, hainbat kontrol egin zituelako eta arrisku-egoera igar zitekeelako.

Sei hilabeteko zigorra besterik ez

Orain arte, Zaldibarko gertakariak direla-eta, bi ikerketa izan dira martxan Durangoko (Bizkaia) Auzitegian. Lehenengoa itxita dago jadanik, eta bertan lan-istripu gisa ikertu zuten hondakindegian gertatutakoa. "Arduragabekeriazko homizidio" baten erantzule modura seinalatu zituzten Verter Recycling enpresako hiru arduradun: enpresako jabe Jose Ignacio Barinaga, enpresako gerente Maria Arrate Bilbao, eta ingeniari nagusi Juan Elosegi Etxeberria.

Akordio batekin itxi zuten auzi judiziala: sei hilabeteko kartzela-zigorra baino ez zieten jarri azkenean, eta ez zituzten espetxeratu. Inputatuek aitortu zuten, esaterako, bazekitela Zaldibarko zabortegian ezegonkortasun-arazoak zeudela, 2018ko ikerketa batzuen arabera.

Auzitegietan irekitako bigarren ikerketa, berriz, ez zen langileen hilketari lotutakoa izan, ingurumenari eragindako kalteari buruzkoa baizik. Dena den, oraindik ez dute egin epaiketa, eta zarratu gabe dago prozesua. Itxura denez, auzipetuta daude Eusko Jaurlaritzako hiru teknikari, Verterreko hiru arduradun, Lurtek aholkularitza-enpresako hiru geologo eta Geyser ingeniaritza-enpresako lau teknikari.

Hirugarren ikerketa bat zabalik

Hainbat hedabidek berriki jakinarazi dutenez, hirugarren ikerketa bat ere badauka martxan Durangoko Auzitegiak, 449/2023 bereizgarriarekin. Oraingoz, ordea, ez dituzte prozesu horren nondik norakoak zehaztu, sekretupean baitago. Aurreratu duten gauza bakarra izan da ikerketaren abiapuntua: Zaldibarko gertakarietan "lurraldearen antolaketaren aurkako delitu bat" izan zelako ustea. Ez dute argitu zergatik izan daitekeen delitu hori, eta zehazki nor joko duten delitu horren egiletzat.

EZ DAGO IRUZKINIK