Gasteizen (Araba) iparraldean, Abetxukotik gertu, birziklatze-zentro batek su hartu zuen aurreko astean, ke eta errauts ugari eraginez. Sutea piztu eta zenbait ordura, airearen kalitatea erregistratzeko neurgailuek gorriz markatu zuten Gasteiz, Europako emaitzarik txarrenak atzeman baitzituzten bertan. Orain, gainera, zalantzan jarri dute ea plantak martxan egoteko beharrezko lizentzia guztiak ote zituen.
Ambiental Onaindia da instalazio horiek kudeatzen dituen enpresa. Elkarrekin Gasteiz alderdiak salatu duenez, konpainiak 2021ean eskatu zuen birziklatze-zentroko jarduerarekin jarraitzeko eta hura hedatzeko baimena Gasteizko Udalari, baina badirudi hark ez ziola inoiz eman, ofizialki. "Enpresak urtebete lehenagotik zuen eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeatzaile izateko baimena, eta 2021ean lizentzia hori zabaltzeko asmoa erakutsi zuen. Baina baimenaren zabaltze hori ez zen inoiz eman udal-instantzietatik", azaldu dute alderditik.
Hori gutxi balitz, jakinarazi dute instalazioei buruzko txosten negatiboak igorri zituztela bai Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, bai Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuek. Suhiltzaileek seinalatu zuten, adibidez, ingurua urez bustitzeko gailu automatikoak falta zirela instalazioetan, eta baieztatu zuten zentroaren kudeatzaileek ez zutela ondo justifikatu horma eta sabaietako estaldurek suarekin erakusten zuten erreakzioa. Gainera, ez zegoen ziurtatuta ea plantatik beroa eta kea ateratzeko sistema egokia ote zen.
Lurralde eta Klimaren aldeko Ekintza Sailak 2023an egindako azterketa batek zioen, bestalde, instalazio horietan "jarduera gauzatzeko baldintzak" ez zetozela bat "hasieran emandako jarduera-lizentzian baimendutakoekin". Antza denez, instantzia horiek guztiek egindako eskaerak ez zituen konpondu enpresa kudeatzaileak, eta pilatutako espediente guztiak zirela-eta, artxibaturik geratu zen auzia.