Alemaniako Marco Buschmann Justizia ministroak eta Cem Özdemir Nekazaritza ministroak neurri bat proposatu dute, elkarrekin: supermerkatuetako zabor edukiontzietan elikagaiak bilatzea eta horiek hartzea legezko bihurtu nahi dute, beti ere, jabetza pribatuetara sartzen ez bada eta horiek kaltetzen ez badira. Gaur egun delitutzat jotzen da Alemanian zaborretatik janaria hartzea, baina baliteke aurki hala ez izatea.
Proposamen hori egiteko, hainbat argudiori heldu diete ministroek: supermerkatuetan saltzen ez diren elikagaiak "alferrik galtzea" ekidin nahi omen dute, bai eta ingurumena zaindu ere. Neurria, dena den, ez dute edozein unetan proposatu: oinarrizko elikagaien prezioak maximo historikoak ukitzen ari diren une batean atera dute mahaira ideia hori, eta oinarrizkoenak diren bizi-bitartekoak, elikagaiak kasu, eskuratzeko zailtasunak hedatzen eta larriagotzen ari diren une batean. Hala ere, izatez salmentara bideratutako milioika tona janari botatzen dituzte zaborretara urtero; Alemanian, zehazki, 11 milioi tona izaten dira urtean.
Ohartarazpen bat egin du, dena den, Elikagaien Merkataritzako Alemaniako Elkarteko bozeramaileak, Christian Böttcherrek. Sarri gertatzen da ekoizleetako bat berandu ohartzea elikagai baten ekoizpen-prozesuan izan den akats batez; esaterako, gerta daiteke ekoizlea berandu konturatzea plastiko zatiak dituela supermerkatu batera saltzera eramandako elikagaien batek. Kasu horietan, dendetako salerosleei jakinarazten omen diete akatsa, eta, orduan, zaborretara botatzen omen dute kaltetutako janaria. Böttcherren arabera, laster zabor edukiontzi horietatik janaria hartzea baimenduko badute, ezinezkoa izango da bereiztea zeintzuk diren nolabaiteko arazoren bat duten elikagaiak eta zeintzuk ez.
Horren aurrean prestatzeari ekin diote jada. Naturarentzako Mundu Funtseko (WWF, ingelesezko sigletan) Rolf Sommerrek honakoa adierazi du: bere ustez, norbaitek kaltetutako elikagaien bat jaten badu eta ondorioak jasaten baditu, ezin da erantzukizuna enpresa baten gain jarri. "Baztertutako elikagaiak ateratzen dituena bere ekintzen erantzulea da, ez baitago kontraturik inplikatutako alderdien artean", esan du.
Jatea zaborretatik lortzea ez da berriki, eta elikagaiak inoiz baino garestiago dauden honetan, hartutako neurri bakarra izan. Europar Batasunean, esaterako, intsektuekin egindako elikagai berriak baimentzen ari dira azken urteetan. Azkenekoz, etxe-kilkerraren hautsa onartu dute elikagai modura.