Arabako Salhaketak gaur, apirilak 17, jakinarazi duenez, Zaballako (Araba) espetxean preso zegoen pertsona bat erail dute Gasteizko (Araba) Santiago ospitalean. Antza, duela egun batzuk mugitu zuten ospitalera, "gaixotasun larri bat" zela-eta ebakuntza bat egiteko. Gaitzaren ondorioz, "patologia fisiko zein psikikoak" zituen presoak.
Santiagon, baina, osasun-langileekin "liskarra" izan zuen, eta "gogor esku-hartu" zuten ertzainek. Presoa azpiratu eta mendean hartu zuten; hala, bihotz-biriketako geldialdia izan zuen. Egun batzuk beranduago zendu da ospitalean bertan.
Hainbat hedabideren arabera, gaixotasun larri bat zuenez, baldintzapeko askatasuna emana zioten hildakoari. Dena den, seniderik ez zuenez, espezializatutako zentro batera joateko esperoan zegoen Zaballako kartzelan.
Espetxe-iturrien arabera, erizainetako bati eraso eta mehatxu egin zion presoak, eta Ertzaintzak horregatik azpiratu zuela adierazi dute.