AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/04 08:16

Tentsio handiko orduak bizi izan ditu Hego Koreak abenduaren 4ko goizaldean, Yoon Suk-Yeol presidenteak lege martziala ustekabean deklaratu zuenean, oposizioak ustez "estatuaren kontra" zuen jardueraren aurrean, "herrialdeko demokrazia babesteko beharra" argudiatuta.

Seulgo kaleetan protesta-uholdeekin eta Asanblea Nazionalaren berehalako gaitzespenarekin hartu zuten dekretua. Izan ere, saio urgente batean, azkenean, neurria baliogabetzearen alde bozkatzea lortu zuten, armadako indar bereziek beheko ganbera hartu zuten arren. Yonhap agentziaren arabera, legegile batzuek su-itzalgailuak erabili zituzten militarrak Parlamentura sartzea oztopatzeko, eta kanpoko manifestariak militarren aurka oldartu ziren, bertaratutako unitateei gailenduz.

Gorabehera parlamentarioak eta herritarren presioak Yoon behartu dute lege martziala bertan behera uztera, hura aldarrikatu eta ordu gutxira. Oposiziotik, Alderdi Demokratikoa buru dela, presidentearen aurkako kargugabetze-mozioa iragarri dute, ordena konstituzionalaren aurka egitea egotzita.

Hwang Un-Ha oposizioko koalizioko bozeramaileak adierazi duenez, "Parlamentuak presidentea berehala indargabetzea eta datozen 72 orduetan kargutik kentzea lehenetsi behar du". Gainera, Yoonen gertuko hamar bat goi-funtzionariok, Chung Jin-Suk Kabineteko buruak barne, dimisioa aurkeztu dute jadanik.

Agintariaren etsipenezko saiakera gisa interpretatu da krisia, bere botere ahuldua sendotzeko mugimendu gisa, zer eta popularitate faltak eta Parlamentuan gehiengoa osatzeko ezintasunak markatutako testuinguru batean. Carnegie Endowment for International Peace erakundeko Darcie Draudt-VĂ©jares bezalako analistek diotenez, Yoonen maniobrak 1961 eta 1987 artean Hego Korea gobernatu zuten diktadura militar antikomunistak gogorarazten ditu. Gizartearen erreakzio azkarrak erakutsi du, dena den, herrialdea ez dagoela prest inboluzio politikoak onartzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK