Hitzarmen berri baten alde hasi ziren borrokan Zaratamoko (Bizkaia) Vulcanizados Zuloaga enpresako langileak. Ekainean zehar bost greba egun egin ondoren, hilaren 28an hasi zuten greba mugagabea, eta hala dihardute beharginek.
Industria kimikoko Espainiako Estatu mailako hitzarmena ezartzen zaie automobilgintza sektoreko Bizkaiko enpresa horretako langileei; hala, oinarrizko soldata 1.000 euro ingurukoa da. Soldata zein lan-baldintza hobeen alde ari dira borrokan haiek.
Bestetik, Oñatiko (Gipuzkoa) Stadler enpresako langileek ere greba mugagabeari ekingo diote, zuzendaritzak ezarritako enplegu-erregulazioko espedienteari aurre egiteko asmoz. Hura ezarriz gero, hamabi pertsona kaleratuko lituzkete —plantillaren %18— eta, gainera, soldatak %30 jaitsiko lirateke.
Stadler enpresak pieza metalikoak egiten ditu; hortaz, automobilgintza sektorea hornitzen duen lantegien artean dago. Zuzendaritzak aurkeztutako neurrien aurka mobilizatuko dira langileak uztailaren 8an, bi orduko lanuztea eginda, eta uztailaren 13an, 24 orduko lan-etenaldiarekin emango diete jarraipena mobilizazioei. Hilaren 16an hasiko da greba mugagabea.