AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Irekia
2025/09/04 11:40

Israelgo Estatuaren eta palestinarren kontrako sarraskiaren konplize izaten jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak, itxuraz Palestinaren aldeko neurriak hartu arren: aste honetan bertan onartu du Palestinaren aurkako erasoak salatzen dituen adierazpen instituzional bat. Dena den, EAJren gobernuaren hipokrisiaren erakusle izaten ari da aste hau, CAFek estatu sionistarekin dituen negozioak babesten eta Palestinaren aldeko protestak kriminalizatzen segitzen baitu. 

Espainiako Vuelta azken egunetan igaro da Nafarroatik eta Bizkaitik, eta Bilbon bukatzen zen etapa galaraztea lortu dute Palestinaren aldeko mobilizazioek, Israel Premier Tech taldearen kanporatzea exijituz. Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak, baina, estatu sionistaren aurkako protestak gutxietsi zituen atzo bertan: "Vueltako etapa baten amaiera Bilbon ezin jokatzea ez da albiste ona".

Txirrindularitza-talde sionistaren parte-hartzea salatzeko protestak "gizabidearen aurkako jarreratzat" jo zituen jeltzaleak, "segurtasunaren eta elkarbizitzaren kontrako erasotzat" hartuz. "Adierazpen-askatasunarekin eta protestarako eskubidearekin konprometituta sentitzen gara, baina, beti ere, modu zibikoan eta arauen barruan. Atzokoa ez zen hala izan", zioen. Gaineratu zuen, bestalde, atzo Bilbon gertatutakoak "erne jarri" duela gobernua, "Euskadin jokatuko diren nazioarteko hurrengo ekitaldiei begira".

Imanol Pradales lehendakariak ere mobilizazioen kontra hitz egin zuen atzo, jazotakoa "espektakulutzat" hartuz. Esan zuen protestak ez zirela "eraikitzaileak", eta "gizabidearen aurkakoak eta ez oso baketsuak" izan zirela.

"CAFek hartuko duen erabakia errespetatuko dugu"

Hori gutxi balitz, Goierriko CAF enpresak estatu sionistarekin dituen negozioak babesten jarraitzen du Jaurlaritzak. Besteak beste, Jerusalemgo Tren Arina eraikitzeko kontratu bat dauka CAFek agintaritza sionistekin, eta Pradalesek atzo berretsi zuen beste aldera begiratuko duela: "CAFek hartuko duen erabakia errespetatuko dugu, Jerusalemgo tranbia eraikitzeko kontratuarekin jarraitzea ala etetea izan".

Palestinarren aurkako "sarraskia" izaten ari dela aitortu zuen lehendakariak, baina CAFen negozioak justifikatzen saiatzeko, 2023ko urrian kokatu zuen okupazio sionistaren abiapuntua: nabarmendu zuen "duela sei urte sinatu zela" trena egiteko kontratua.

EZ DAGO IRUZKINIK