AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Get Your Guide
2025/12/15 12:02

Volkswagenek ibilgailuen ekoizpena geldituko du Dresdengo bere lantegian bihartik aurrera. Enpresaren 88 urteko historian, Alemaniako lantegi batean manufaktura-jarduera eteten duen lehen aldia da, Financial Times egunkariaren arabera. 2002an inauguratu zuten lantokia, eta 'Fabrika Gardena' izenez ezagutzen da, bisita publikoak egiteko aukera ematen duen beirazko diseinuagatik. Guztira 200.000 auto baino gutxiago ekoitzi dituzte bertan, Wolfsburgeko zentralaren ahalmenetik urrun. Sindikatuekin adostutako berregituraketa-plan baten barruan sartzen da itxiera, ekoizpen-gaitasuna murrizteko eta eskariaren beherakadari aurre egiteko.

Txinakoa eta Europakoa bezalako merkatu garrantzitsuetan izandako salmenten jaitsierari erantzuten omen dio erabakiak, AEBetako muga-zergek larriagotuta, ibilgailu elektrikorako trantsizioa uste baino motelagoa izaten ari baita. Hasieran hiru lantegi osorik ixteko beldur ziren, baina azkenean, 2024ko abenduan IG Metallekin lortutako akordioak zehazten du 35.000 postu baino gehiago murriztuko dituztela 2030era arte, erretiro aurreratuen eta "borondatezko" murrizketen bidez. Dresdengo lantegia birmoldatu egingo dute, gainera: Volkswagenek 50 milioi euro inbertituko ditu zazpi urtean, partzialki, azpiegitura Dresdengo Unibertsitate Teknikoari lagatzeko. Unibertsitate horrek adimen artifiziala, robotikoa eta erdieroaleak ikertzeko campusa sortuko du, eta jarduera turistikoak eta entregak mantenduko ditu.

Aldaketa horiek guztiek ez dituzte ezkutatzen Volkswagenen kudeaketari egindako kritikak; izan ere, elektrifikazioan atzerapenak izatea eta Txinarekiko gehiegizko mendekotasuna izatea leporatu diote. Sindikatuetako iturriek eta analistek adierazi dutenez, Alemaniako energia-kostu handiek eta Txinako fabrikatzaileen lehiak higatu egin dute lehiakortasuna, eta enpresak inbertsioak %20 murriztu ditu likidezia mantentzeko. Finantza-zuzendariak ohartarazi zuen kutxa-fluxua zerora hurbil zitekeela 2025ean, presioek jarraitzen badute.

EZ DAGO IRUZKINIK