AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Izquierda Diario
2025/11/13 07:59

Ehunka ikaslek eta langilek galarazi zuten atzo Vito Quiles Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Somosaguas campusean sartzea. Faxistak unibertsitatetik kanpora lelopean egindako elkarretaratze jendetsu batek, beste behin ere, sareetako probokatzailea unibertsitatera ezin sartzea lortu du. "Hemen daude antifaxistak" eta "Non dago Vito Quiles?" oihukatu zuten manifestariek, besteak beste.

Protesta antifaxista bateratua 15:30erako deitu zuten hainbat antolakunde politikok eta ikasle-sindikatuk, Zientzia Politiko eta Soziologiako Fakultatearen aurrean. Helburua zen, deitzaileek sare sozialetan azaldu zuten bezala, Quilesi eragoztea campusera sartu zedila eta gorroto-diskurtsoak zabaldu zitzala, eta lortu dute. Sartzeko ezintasunaren aurrean, Quiles campuseko sarrerako bazterrean geratu zen, Polizia lagun zuela. Azkenean, agitatzaileak jakinarazi behar izan zuen bere ekitaldia bertan behera utzi behar izan zuela, esanez "Poliziak debekatu" egin zuela. Iruñean aitzakia faltsu bera erabili zuen.

Madrilgo azken protesta horrek unibertsitateko mobilizazio antifaxisten segidari jarraitzen dio. Izan ere, Quiles "unibertsitate-bira" bat egiten ari da, mezenas pribatu ezezagunek finantzatuta, berak aitortzen duenez.

Aurreko bere deialdi batzuetan, hala nola Iruñean, Bartzelonan eta Valentzian, Quilesi eta berekin zihoazen faxistei aurre egin die jende andanak. Horrek erakutsi du eraginkorra dela, mobilizazioaren bidez, deialdi faxistak fisikoki blokeatzeko estrategia. Ikusitakoak ikusita, ikasle-mugimenduak eta bestelako antolakunde antifaxistek kaleetan eta heziguneetan faxismoaren aurkako bultzada mobilizatzaileari eusteko eskatzen dute.

EZ DAGO IRUZKINIK