AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/01/02 11:30

40 pertsona baino gehiago legez kontra etxegabetu dituzte Villalban (Madril), hango Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez. Sareb Aktiboak Kudeatzeko Sozietatearen jabetzakoak diren zenbait etxebizitza-bloketan bizi izan dira orain arte, abandonatuta zeudenean birjabetu baitzituzten. Dozenaka familiak izan dituzte bizitokitzat etxebizitza horiek, baina aurreko asteazken goizaldean, suteak piztu ziren blokeetako hainbat puntutan. Oraindik ez dute argitu nork eman zien su etxeei, baina jakinarazi dute nahita eragindako suteak izan zirela; gasolina erabili zuten. Lo zeuden bizilagunak (40 baino gehiago dira), eta haiek bizirik erretzen saiatu ziren etxeei su emanda. Hainbat zauritu izan ziren.

Abenduaren 29an mobilizazio jendetsu bat izan zen Villalban, Batzuek seinalatu egiten dute, beste batzuek su ematen dute lelopean. Izan ere, manifestarieksutearen erantzuletzat jo zituzten udala nahiz Sareb, hainbat urtetako kriminalizazio kanpainagatik. Gogorarazi zuten, gainera, "kontrol publikoaren pean" dagoela berez Sareb, eta, beraz, Nadia Calviño ministroa dela erantzule nagusia.

Hurrengo egunean Villalbako Etxebizitza Sindikatuak azaldu zuenez, abenduaren 29an bertan, goizean, etxebizitza-blokeetara bertaratu zen Sarebeko arduradun bat, Securitaseko hainbat beharginek lagunduta. Okupatutako etxebizitzetako ateak hormatzea eta blokeetan kontrol-gailuak jartzea zen bere asmoa; esaterako, alarmak eta bideo-zaintza kamerak. Saiakera horri aurre egin eta desalojoa ekidin zuten bizilagunek.

Iluntzean, ordea, manifestazioaren ondoren, okupatutako etxebizitzetara indarrez sartu zen Sareb. Villalbako Etxebizitza Asanbladaren esanetan, su hartu zuen etxebizitza-blokerako sarbidea hormatu eta itxi du, eta alarmak eta kamerak jarri dituzte eskaileretan eta korridoreetan. El Salto-ren arabera, Aktiboak Kudeatzeko Sozietateak hainbat igeltsero eta Securitaseko langile batzuk bidali zituen horretarako, eta zenbait guardia zibilen zaintzapean egin omen zituzten lanak. Sarebek dio bizilagunen segurtasunagatik hartu dituela neurri horiek.

Hortaz, itxita dagoen etxebizitza-blokean bizi ziren 40 pertsona baino gehiago etxegabetu ditu Sarebek, eta haien jabetzako gauzak berreskuratu ezinik geratu dira, gainera. Villalbako Etxebizitza Asanbladak salatu du, gainera, bizilagunak jazartzen ari dela Sareb. Sutearen osteko bigarren gauean, goizaldeko 02:30ak arte izan ziren hormatze-obrak.

EZ DAGO IRUZKINIK