AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Twiterretik hartutakoa
2022/12/27 11:49

Beste hainbatetan egin bezala, protestara jo du Venezuelan Asier Guridi iheslari politikoak, bere nortasun juridikoa aitor diezaiotela eskatzeko. Zehazki, nortasun zedula bat da oñatiarrak eskatzen duena, Venezuelan legalki egonkortu ahal izateko. Izan ere, halako agiririk gabe, "heriotz zibil" egoeran dago: ez dauka sarbiderik oinarrizko "giza babesera, giza eskubide unibertsaletara eta finantza-tresnetara", besteak beste. Egunero egiten du protesta Venezuelako Identifikazio, Migrazio eta Atzerritartasun Administrazio Zerbitzuan (SAIME), lau orduz, zedula bat exijitzeko.

Guridik azaldu du betetzeko "ezinezkoak" diren hainbat baldintza exijitzen dizkiotela Venezuelako autoritateek, nortasun agiria jasotzearen truke. Esaterako, Espainiako Estatuko pasaportea eskatzen diote, nahiz eta ez daukan halako agiririk eta estatu horretan arrazoi politikoak direla-eta jazarria izan den, salatu duenez. Venezuelako zedula lortzeko, 25 petroko (1.500 dolar) ordainketa bat egitera ere derrigortu nahi dute, baina hori ere ezinezkoa dela dio errefuxiatuak: "nola lortuko ditut 25 petro eta SAIMEri ordainketa hori egin, ez baldin badaukat lan egiteko eskubiderik, ez eta kontu korronteak, zordunketa-txartelak edota kreditu-txartelak bezalako finantza-tresnarik?". Oñatiarrak zehaztu du, gainera, errefuxiatu izaera aitortuta duela Venezuelan, eta beraz, legez, autoritateak behartuta daudela pasaporterik izan gabe zedula bat ematera, eta exijentzia ekonomikoak ez direla Guridiri egiten dizkiotenak.

Joan den abenduaren 22an, SAIMEren egoitza zaintzen ari ziren hainbat polizia-agentek iheslari oñatiarra jazarri zuten. Mehatxu egin zioten, besteak beste, deportatu egingo zutela eta mugitzeko eskubidea mugatuko ziotela esanez.

Guridik salatzen du isiltasuna dela nagusi nortasun zedula eskuratzeko behin eta berriz egiten dituen eskaeren aurrean, eta horregatik jo du berriz protestara. Pasa den martxoan gose greba bati ekin zion, nortasun juridikoa aitor ziezaiotela eskatzeko, orduan ere. Errefuxiatu estatusa ere borroka eginez lortu zuen.

Guridik 2001ean egin behar izan zuen ihes Euskal Herritik, jasaten ari zen jazarpena eta Euskal Herriko egoera politikoa tarteko. Horren aurretik, eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, bost urtez izan zuten preso, hainbat sabotaje ekintzatan parte hartzea leporatuta. Hainbatetan jipoitu zuten kartzelan, eta horren aurretik, torturak salatu zituen bere atxiloaldian. 2005etik bizi da Venezuelan, eta 2013an atxilotu zuen Interpolek. Bi hilabetez preso eduki ostean, "nortasun, eskubide, berme eta bizibiderik gabe" utzi zuten Venezuelan, eta herrigabe egoeran dago ordutik.

EZ DAGO IRUZKINIK