AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/30 14:01

Caparroson (Nafarroa) dago kokatuta Valle de Odieta enpresaren makroetxaldea, eta esnekiak ekoizten dituzte bertako langileek. Ingurugiroan eragiten dituen kalteengatik zein abereek jasaten dituzten baldintza negargarriengatik da ezaguna lantegia, bai eta etxaldea handitzeko proiektu suntsitzaileak gauzatzeko asmoagatik ere. Izan ere, makrobaserriak 7.200 esne-behi heldu pilatzen dituen arren, 11.372 abelburu izateko baimena eskatu zuen iaz Valle de Odietak: horretarako, etxaldea %27 handitzeko asmoa zuen.

Sustrai Erakuntzak iazko urtarrilean salatu zuenez, legezko abelburu kopuru maximoa baino %1.138 gehiago ditu Valle de Odietaren etxaldeak. Antza denez, 1053/2022 Errege-Dekretuko 16. artikuluaren arabera, dekretua "indarrean sartu baino lehen martxan dauden ustiategiek 1.2 artikuluan ezarritako gehienezko ekoizpen-ahalmena gainditzen badute (850 abelburu), kopuru horri eutsi ahal izango diote". Baina, teorian, ezin izango lukete kopuru hori gainditu.

Valle de Odietak, ordea, zabaltze-lanak egin ditu maiz bere baserrian, eta Nafarroako Gobernuak berak zigor-espedienteak ireki ditu enpresaren aurka azken urteotan. Sustrai Erakuntzaren arabera, 11 zehapen aurkeztu ditu gobernuak, besteak beste, baimenik gabe pabilioi berriak eraikitzeagatik, eta legeak baimentzen duen abere kopurua gainditzeagatik.

600 txahal hazteko etxalde berri bat eraiki nahi dute, ezkutuan

Caparrosoko makrobaserriak 7.200 behi heldu eta 600 txahal izateko baimena du, berez. Baina txahalek esnea ekoizten ez dutenez, eta etxaldean behi gehiago pilatzeko asmoz, txahalak etxalde berri batean hazteko asmoa du Valle de Odietak. Horrela, 7.800 behi inguru izango ditu egungo etxaldean, eta beste 600 txahalak azpiegitura berri batean edukiko ditu. 

Sustrai Erakuntzaren esanetan, enpresak makroetxaldetik hiru kilometrora eraiki nahi du baserri berria, eta "elektrizitatea eta hondakinen kudeaketa bezalako zerbitzuak egungo makrobaserriarekin partekatzea planteatzen du". Aipatutako kolektiboaren ustez, lantokiaren "handitze tazitua" izango litzateke hori, eta ezkutuan egingo litzateke, "biak ekoizpen-nukleo beraren parte izango bailirateke". 

EZ DAGO IRUZKINIK