AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/08 14:44

DANAren eraginez hainbat lurraldetan izan den hondamendia dela-eta, "erantzuleak seinalatzeko eta klase-elkartasuna aldarrikatzeko" mobilizatu da gaur iluntzean Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS). Bilbon (Bizkaia) eta Iruñean (Nafarroa) egin ditu manifestazioak, 18:30ean Eliptika Plazatik hasita, eta 19:00etan Foru Plazatik abiatuta, hurrenez hurren. Hain justu, estatua eta enpresaburuak jarri ditu jomugan errudun modura.

"Neurriak har zitezkeen, bai ekaitzaren aurretik, baita ekaitzaren ondoren ere. Eta hartu dituzte, baina negozioen alde; eta langileen aurka", laburbildu du aste honetan EHKSk, Valentziako eta beste lurralde batzuetako hondamenaren harira egindako adierazpenean: "Ekaitzaren aurretik, urbanismo basati eta arduragabea ekidin zitekeen, baina askok eta askok, politikariek zein enpresariek, negozioa egin dute eraikuntzarekin, urperatze arrisku handiko eremuetan eta beraien legeen aurka. Ekaitzaren aurretik ere, langileria babesteko neurriak har zitzaketen, teknikariek alarma emanda zeukatenean. Ekaitzaren ondoren, berehalakotasunez baliabide guztiak jar zitzaketen krisiari aurre egiteko, baina ez dute egin".

Ohartarazi du "instituzio guztietako agintariak" doazela eskutik, "egoera basatienean ere, burgesiaren interesak defendatzeko". Gainera, "Polizia eta armada bereziki ordena publiko burgesa mantentzera bidali" dituzte agintariek, EHKSk nabarmendu duenez. Enpresariei dagokienez ere argi mintzatu da: "Herritarrak lanera joatera derrigortu zituzten hondamendia gertatu zen egunean, eta haien bizitzak arriskuan jartzera behartu. Oraindik ere ikus daiteke antzekorik, txikizioa jazo den herrietako biztanle ugari lanera joatera behartzen ari baitira".

DANAren ondorioz izaten ari dena bezalako krisi-egoeretan sumatzen da "argien" zein den estatu burgesaren eginkizuna, EHKSren esanetan: "Agintarien pribilegioak bermatzeko eginda daude eta ez langileen bizitzak babesteko". "Estatu kapitalista da hondamendi honen erantzulea. Bera eta bere inguruan mugitzen diren borrero guztiak: politikariak zein enpresariak", gaineratu du.

EZ DAGO IRUZKINIK