Mobilizazio deialdi bat egin du Iturmendiko (Nafarroa) Elkartasun Taldeak herriko festetarako. Hilaren 16an hasiko dira jaiak, eta larunbat horretan, hilaren 20an, manifestazio bat egingo dute: babesa emango diote Espainiako Auzitegi Nazionalak auzipetutako bizilagunari, eta bere absoluzioa exijituko dute. Errepresioaren kontra eta adierazpen askatasunaren defentsan, 19:30ean hasiko da mobilizazioa herriko plazatik.
Poliziak joan den otsailean atxilotu eta inkomunikatu zuen Iturmendiko pertsona bat, Auzitegi Nazionalaren aginduz. Sare sozialetan argitaratutako hainbat mezuren ondorioz jo dute bere kontra, eta "terrorismoari gorazarre egitea" leporatu diote. Kartzelaratzea ekiditeko, 7.000 euroko fidantza bat ordaindu behar izan zuen, baina espetxeratua izateko arriskuan dago oraindik ere: bi urte eta erdiko zigor bat eskatu du fiskaltzak, baita ia 7.000 euroko isun bat ere.
Iturmendiko Elkartasun Taldeak uztailaren 20ko mobilizazio deialdia egin eta gutxira jakinarazi zuen epaiketaren eguna polizia judizialak: uztailaren 16an epaituko dute auzipetutako pertsona. Hurrengo deialdietara adi egoteko eskatu dute Elkartasun Taldeko kideek, eta hilaren 20ko manifestaziora batzeko deia egin diete Iturmendiko nahiz Sakana osoko bizilagunei.