AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/22 00:23

Energia eolikoaren ekoizpenean gorakada izugarria izan da azken urteetan. 2022an 906 GW-ko potentzia instalatu zuten mundu mailan, %9ko hazkundea izan zelarik urtebetean. Asko dira bai enpresen bai gobernuen artean energia mota hori aplikatu eta bere inpaktu ekologikoa gutxiesteko joera dutenak, baina zenbait ikerketak kontrakoa diote. Journal of Cleaner Production aldizkarian 2023an argitaratutako datu batzuek erakusten dutenez, epe motzeko ondorioak ez dira nahikoa energia mota horrek dituen eraginak neurtzeko.

Turbinen bizi-ziklo osoa kontuan hartuta, energia eolikoarentzako aurreikusten den gorakadarekin, 2026ra arte, hondakinak urtean %12 igotzea espero da batez beste; eta hortik aurrera, 2034ra bitartean, %41eko hazkunde bat aurreikusten dute. Horrek esan nahi du, 2034rako, gaur egun baino 17,5 aldiz hondakin gehiago ekoitziko direla. Igoera horiek, batik bat, produkzioan edota bizi-zikloen amaieran sortzen diren hondakinetatik datoz. Normalean, datuak modu interesatuan begiratu nahi direnean, ez dira horiek kontuan hartzen.

Bizi-zikloen bukaeran geratzen den errefusari dagokionez, 237.600 tona altzairu-hondakin, 2.300 tona aluminio, 3.300 tona kupre, 343 tona sistema elektroniko eta birziklatu ezingo diren 28.100 tona pala-material (beira edo karbono zuntzak edo epoxi erretxinak batik bat) aurreikusten dira 2026rako. Horrez gain, energia eolikoaren ekoizpenaren abiapuntuan dauden metal askoren erauzketak (aluminioa, kobrea, manganesoa, lur arraroak...) CO2 isurketa handiak eragiten ditu. Lur arraroen kasuan, Bayan Obo (Txina) bezalako guneetan, tona bakoitzeko 75 tona ur-azido, 12.000 m³ gas-hondakin eta tona bat hondakin erradioaktibo sortzen dira.

Ildo horretan, International Renewable Energy Agencyk (IRENA) emandako datuek erakusten dute kostua erlatiboki baxua dela (0,033 USD/kWh-koa 2023an) beste energia berriztagarri batzuekin alderatuta. Urte berean, eguzki-energiak 0,044 USD/kWh-ko balioa izan zuen, geotermikoak 0,071 USD/kWh-koa, hidroelektrikoak 0,057 USD/kWh-koa, eguzki-energia kontzentratuak 0,117 USD/kWh-koa eta bioenergiak 0,072 USD/kWh-koa, batez beste. Datu horiek errazago ikusarazten dute energia mota horren alde egitea ez dela energia modu errentagarriago batean lortzeko modu bat gehiago besterik.

Gainera, ezin dira alde batera utzi erregimen erregularrean jarduten duteneko ekosistemen inpaktua. Zentzu horretan, EAEko adibideak jarriz, ikus daiteke Eusko Jaurlaritzaren Propuesta de zonificación ambiental dokumentuan argi geratzen dela energia eolikoak faunarengan duen inpaktu latza. Elgea-Urkillan 360 hegazti hil ziren urtean 2000tik 2020ra bitartean, horietatik 132 sai arreak, batez beste. Metodologia estatistikoetan dauden mugak gorabehera, agiriak berak dio zifra errealak nabarmen altuagoak izan daitezkeela, eta parke eoliko berriak eraikitzeko garaian ezinbestekoa dela naturan eragindako kalteak era egokian aztertzea.

EZ DAGO IRUZKINIK