AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak iaz egindako manifestazioa, Inauterietako gertakarien harira.
2025/02/15 11:04

2024ko otsailaren 11ko gauean, Tolosan (Gipuzkoa) Inauteriak ospatzen ari zen jendearen aurka oldartu zen Ertzaintza. Zenbait lagunen arteko liskarrak aitzakiatzat hartuta, ertzainek foam jaurtigaiekin kargatu zuten kalean, eta gutxienez hiru gazteri eman zieten aurpegian, haiek zaurituz. Begian eman zioten bati (ikusmena galdu du eskuineko begitik) eta sudur inguruan beste bati. 16 urte zituzten biek.

Atzo arratsaldean, elkarretaratze bat izan zen Villabonan (Gipuzkoa), bertakoa baita Ertzaintzak begian jota zauritutako gaztea, Xuhar. Bere izena daraman herri-plataformak antolatu zuen protesta, gertakarietatik "urtebete igaro dela gogoratzeko eta ardura zein justizia eskatzeko". Izan ere, Tolosako epaile batek ontzat eman zuen Eusko Jaurlaritzaren eta polizia-indarren kontraesanez betetako bertsioa, eta iazko udazkenean artxibatu zuen auzia.

Ertzaintzak, teorian, gertakariak argitzeko ikerketa bat egin zuen, baina ondorioak ez zuen inor harritu: Poliziak ebatzi zuen ertzainek "kasualitatez" jo zutela Xuhar foam jaurtigai batekin. Kontakizun hori berretsi zuen epaileak, hainbat ertzainen deklarazioak entzun ondoren, ustez. Agenteek, egindako kargak justifikatzeko, esan zuten "arriskuan" ikusi zutela euren burua gau horretan. Xuhar deklaratzera ere ez zuen deitu epaileak. Helegite bat aurkeztu zuen defentsak, baina ebazpenaren zain jarraitzen dute.

Jaurlaritza, Ertzaintza babesten

Atzo Villabonan egindako kontzentrazioan gogorarazi zutenez, otsailaren 11ko gauean, Xuharren kontra tiro egin zuen ertzainak eskopeta hustu zuen kargan: hamabost kartutxo bota zituen, atestatuan bertan aitortzen denez. Hala ere, Jaurlaritzak hasiera-hasieratik defendatu zuen Ertzaintza eta bere esku-hartzea: une horretan Segurtasun sailburu zen Josu Erkorekak aditzera eman nahi izan zuen Xuharrek, adibidez, "istiluetan parte hartu" zuela gau hartan.

Hori gutxi balitz, Erkorekak behin eta berriz baieztatu zuen ertzainek ez zutela zuzenean tiro egin gaztearen kontra, eta "zeharka" jo zutela. Gerora ikusi ahal izan da, baina, gezurretan ari zela sailburua: foam jaurtigaiek ez dute errebotatzen, eta zaila da sinesten jaurtigai horrek norbait "zeharka" kolpatu dezakeenik.

Atzo Villabonan egindako kontzentrazioan, Erkorekaren hitzak ere ekarri zituen gogora Xuhar herri-plataformak, bertsio ofiziala zalantzan jartzeko: "Hasieran borroka bat zen, gero botilakada bat, gero foam kartutxo bat zela baina ez zuela zuzenean jo, botila bat jaurtitzera zihoan bat besoan jo zuela...". Hala, gertatutakoaren erantzuleek ardura har dezatela eskatu zuten berriz.

EZ DAGO IRUZKINIK