AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/05/14 10:45

Espainiako Estatuko Barne ministroak atzo goizean izenpetutako neurri sortaren arabera, gaurtik aurrera bisitak, komunikazio-bide arruntak eta irteteko baimenak berreskuratuko dituzte presoek, modu mailakatuan. Dena den, hainbat xehetasun eta aldaketa argitaratu zituzten arratsaldean, eta horietako bat izan zen espetxeetara egin daitezkeen mugimenduak probintzietara mugatzea, koronabirusaren ondorioz lurraldeen artean mugimenduak mugatu izanaren aitzakiapean. Beraz, kartzela kokatuta dagoen probintzian edo "osasun-lurraldean" bizi diren pertsonek baino ezingo dituzte presoak bisitatu.

Horrek, besteak beste, zuzenean eragiten die urrunduta dauden euskal preso politikoei. Gaur egun, soilik hiru dira Euskal Herriko kartzela edo zentroren batean dauden preso politikoak: Asier Ezeiza, Txus Martin eta Ibon Iparragirre, Araban daudenak. Haiek, beraz, Araban bizi diren pertsonen bisitak izan ahalko dituzte.

Frantziako espetxeetan, bisitak baimenduta

Frantziako Estatuan preso daudenen kasuan, atzotik dituzte baimenduta bisitak. Krisia hasi zenetik, COVID-19 birusaren kutsatzea dela-eta, zenbait neurri hartu ditu Frantziako Gobernuak; hala nola, zigorraren amaierara iritsi diren edo gaixo dauden hainbat preso askatzea erabaki du, kartzeletako gainpopulazioa arintzeko. Euskal preso politikoei, baina, ukatu egin diete espetxetik irtetea, gaixotasunen bat izan edo zigorraren bukaerara iritsi arren.

Bestalde, koronabirusaren hedapena ekiditeko presoen kopurua gutxitzeari uko egin dio Baionako (Lapurdi) geldialdi etxeak.

Borroka kartzeletan

Uneotan, borrokan daude Espainiako Estatuko kartzeletan giltzapean dituzten zenbait preso. Murtzia II-ko 8. moduluko hainbat presok protestei ekin zieten aurreko astean, koronabirusak sortutako egoeraren harira, haien eskubideen defentsan. Protestak zirela-eta mehatxu eta eraso egin zioten Patxi Ruiz preso politikoari; hala, gose eta egarri greba hasi zuen. Laugarren borroka eguna du gaurkoa, eta berak hasitako borrokaldira batuz, "txapeoan" daude Jon Kepa Preciado eta Ibai Aginaga preso politikoak, eta janariari uko egiten ari dira Dani Pastor, Oskar Barreras eta Aitor Cotano.

EZ DAGO IRUZKINIK