Urriaren 4an Iruñera (Nafarroa) joatera deitu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak, manifestazio nazional bat egingo baitu palestinar erresistentzia babesteko eta Israelgo Estatuaren desegitea exijitzeko. Eguerdiko 12:00etan abiatuko da mobilizazioa Antoniuttitik.
Ia bi urte igaro dira 2023ko urriaren 7ko altxamendu palestinarretik eta, horren ostean, estatu sionistak bere oldarraldia modu izugarrian biziagotu zuenetik. Ordutik, sionistek gutxienez 64.000 palestinar erail dituzte zuzenean Gazako Zerrendan.
Urteurren horri heldu dio Palestinarekin Elkartasunak datorren urrirako mobilizazio deialdia egiteko: "Bi urte pasatu dira Urriaren 7tik. Bi urteotan historiako genozidio lazgarrienetako bat gauzatu du sionismoak Palestinan, eta halere, palestinar herriaren erresistentzia grina ez da itzali, ezta haren aldeko elkartasuna ere".