AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/03/13 09:43

Atzo, martxoak 12, adierazpen bat argitaratu zuten Gasteizko (Araba) eskoletako jantokietan jarduten duten hainbat langilek. Azken asteetan bizi dugun "osasun krisiaren" eta Covid-19 birusaren kutsadura ekiditeko martxan jarritako neurrien inguruan mintzatu ziren: "Shock egoera gainditu eta beharrean gaude, langileon kaltetan hartu diren neurriez jabetzeko".

Hala, salatu zuten "bulegoetan negoziatzen ari diren urgentziazko neurriek, ohi bezala, larrialdi honetatik irteteko erraztasun gehien dituzten jabeen eta langileen egoera hobetzera bideratuta" daudela. Esku hartze horietan langile "sektore kolpatuenak" baztertu izana gaitzetsi dute Gasteizko beharginek, nahiz eta adierazi duten hori "ez dela zerbait berria": "Krisi eta berregokitzapen ekonomikoetan langile sektore txiroenak dira gehien pairatzen dutenak".

Argitu dute zalantzan jarri dutena ez dela "neurrien beharrezkotasuna, nolakotasuna baizik".

Adibide zehatzak

Salaketan, gogoan izan dituzte hezkuntzako garbitzaileak: greban zeuden, eta lanera itzultzera derrigortu dituzte, %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarrita. Eskoletako jantokietan bizi duten egoera ere aipatu dute adibide modura: "Argia da langileen arteko arrakala: lan baldintza eskasenak pairatzen dituztenak (aldi baterako langileak, paroa kobratu ezin dutenak) kalera doazen bitartean, irakaslegoak soldata mantentzen du".

"Irtenbidea, ikusi nahi duenarentzat, sinplea da: guztion osasuna guztion ardura da, eta are gehiago bitarteko gehien dutenena", gaineratu dute: "Guztion ardura da bermatzea osasun krisi hau ez dadila gutxien dutenentzako esfortzu jasanezina bilakatu".